Atzoko dataz argitaratu zen EHAAn, HABEren zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko Ebazpena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean xedatutako euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko proben 2016. ekitaldirako Azterketa Batzordeko kideak, Lurralde-batzordeak, epaimahaiak, tutoreak eta lurralde-arduradunak izendatzeko dena.
Bordeleko Eskual Etxea eta Bordeaux Montaigne Unibertsitateak euskara irakasle bat kontratatuko dute 2016-2017 ikasturterako. Klaseak Eskual Etxeko egoitzan edo Kanpusean izango dira, eta taldeen euskara-mailak A1 eta B1 bitartekoak.
Euskaltzaindiak sarean jarri ditu osatu berri dituen hiru lexiko teknikoak: Matematikaren, Fisikaren eta Astronomiaren arloetako oinarrizko lexikoak, hain zuzen. Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, hogeita hamar urte baino gehiago iragan dira euskara arlo teknikoetan erabiltzen hasi zenetik, eta denbora horretan hizkuntzak izandako bilakaera kontuan hartuta, aspaldi ikusia zuen Euskaltzaindiak iritsia zela unea arlo teknikoetako oinarrizko erabilera aztertzeko, eta erabilera horrek hiztegi orokorrari egiten dizkion ekarpenak biltzeko.
Atzoko egunez eman zuen argitara ISEI-IVEI erakundeak Ebaluazio Diagnostikoaren bosgarren edizioa, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietako ikasleen konpetentzia-mailak ezagutzera bideratutako tresna. Oraingoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleek hartu dute parte. Haien hizkuntza-komunikazioko konpetentzia (euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz), matematikakoa eta zientzia-kulturarako konpetentzia aztertu dira.
Gaurko egunez argitaratu da otsailaren 22ko HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpena, 2016. urteko ohiko deialdiak egiten dituena (eranskinean), HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako komunikagaitasun-mailak egiazta ditzaten.
Datorren astelehenean argitaratuko da 2016ko ohiko deialdiak arautzen dituen HABEren zuzendari nagusiaren otsailaren 22ko Ebazpena, hain zuzen, urteko ohiko deialdiak egiten dituena. Aurtengo egiaztatzegintzak urteko lan-jardunaren zati bat hartuko duen heinean, eranskin eta argigarri gisa duzu deialdi horien nondik norako nagusiak zehaztu nahi dituen dokumentua.
Primeran! A2 bildumak helduen euskalduntzerako A2 mailan taldean eta aurrez aurreko saioetan erabiltzeko langai didaktikoak biltzen ditu. Ikasmaterial hau HEOCak zedarritutako A2 Oinarrizko erabiltzailearen mailak euskara-ikasleari aurreikusten dion gaitasun komunikatiboa bereganatzeko sortu da. Egilea Aek-ko irakasle-talde bat da eta argitalpen honen editorea, Elhuyar.
Difusion-Prolinter Sarien II. edizioko sariak eman eta irabazleen lanak aurkeztu dira berriki Madrilen antolatu diren "VII Jornadas Didácticas para profesores de ELE" jardunaldien baitan.
Hizpide 86an artikulua idatzi zuen Hector Ríos dugu sarituen artean, aldizkarian aurkeztutakoarekin lotura zuzena duen lan batekin.