2026ko urtarrilaren 16ko EHAAn eman da argitara HABEko zuzendari nagusiaren 2025eko abenduaren 23ko Ebazpena. Horren bidez:ezartzen da HEOCaren zer maila egiaztatu ahal izango diren, 2025-2026 ikasturtean, euskaltegiko mailaren atalasearen gaineko ebaluazio-jardueretan oinarrituta eta 2026ko azterketa-deialdia egiten da, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleentzat.
2015eko abenduaren 3an plazaratu zen Irakasbil, irakasleei zuzenduriko HABEren atari berriaren beta bertsioa. 10 urteko ibilbidea dugu, beraz. Adimen artifizialarekin jolasean, abesti bat sortu dugu opari gisa. Eskerrik asko bidaide zaituztegun guztioi!
Atal berria sortu dugu Irakasbileko Bideotekan; "Bi hitzetan" du izenburu. Bilduman, adituek grabatutako bideo laburrak egongo dira. Euskaraz ez badaude, azpitituluak izango dituzte. Halaber, material osagarria eskainiko da, bibliografia esaterako.
HABEk laugarrenez eskaini nahi du "Jardun bikoa helduen euskalduntzean" prestakuntza-egitasmoa, helduen euskalduntzean eskolak ematen ari diren irakasleak jardun biko irakastereduan berariaz prestatzeko. Helburua da gaitasun digitala areagotzea eta garapen profesionalerako baliagarri izatea.
Bi ikastarok osatzen dute 2025eko urritik 2026ko martxora bitartean gauzatuko den prestakuntza-eskaintza. Ikastaroak online egingo dira; betiere, praktika tutorizatuaren balio erantsia bermatuta. Lehen ikastaroaren aurrematrikulazio-epea 2025eko ekainaren 3tik 11ra bitartean izango da.
Itzulpen Saila bildumako 57. zenbakia ere sarbide irekian (open access) jarri du HABEk. Hala, eta bildumako beste zenbait libururekin egin den bezala, interesaturik dagoen orok eskura izango du Enrica Piccardok eta Brian Northek idatzitako "Ekintzara bideratutako ikuspegia" Irakasbil webgune honetan, pdf formatuan eta "Creative Commons by-nc-nd" lizentziapean (Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe).
Naiara Berasategi Sancho EHUko irakaslea izango dugu hizlari 2025eko irailaren 19an Donostian egingo den helduen euskalduntzearen 2025/2026 ikasturtearen hasierako ekitaldi akademikoan; Ibone Bengoetxea Otaolea lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu andrea izango dugu mahaiburu. Hitzaldiaren izenburua, berriz, “Pedagogia inklusiboa”.
Barakaldoko Euskara Udal Erakunde Autonomoan (Udal Euskaltegia) jardungo duten euskara-irakasleen lan-poltsarako meritu-lehiaketa arautuko duten oinarriak eman dira argitara Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.
HABEk ikerketa-eremu berriak zabaldu eta landu nahi ditu helduen euskalduntzean, bereziki aniztasun funtzionalaren eremuari erreparatuz, bigarren hizkuntzen ikas-irakas prozesuen eta desgaitasunen eremuekin zerikusia duten gaietan prestatzeko egitasmo zehatzak emanez. Horretarako, ikertzaileen gaikuntzarako beka-deialdia egitea erabaki du.
Hala, 2024ko abenduaren 12ko Ebazpena argitaratu da EHAAn, bekaren oinarriak onartu eta deia egiten duena. HIlabeteko epea dago eskariak aurkezteko, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.