Umorea hizkuntzen eskolan

Argitaratua: Wednesday, 4 April 2018, 9:40 AM
Smiley Pixabay

Albert Costaren iritziz, "El cerebro bilingüe" liburuan azaltzen duen bezala, zaila da atzerriko hizkuntzan umorea ulertzea, hainbat eratako trikimailuak jartzen baitira indarrean ekintza komunikatibo honetan eta,  hitzez hitzeko esanahitik aldendu beharra dago sarri mezua ulertzeko, esaten dena eta esan nahi dena ez baitatoz bat. Berak dioenez, alde hori ez da ikastetxean lantzen eta testuinguru sozialean hizkuntza erabiliz iristen da horretara. 

Europako Erreferentzia Markoari erreparatzen badiogu, umorea ageri dela ikusiko dugu, baina ematen zaion tokia ez da horren argia. Besteak beste, idatzizko elkarreraginean gutunak idazteko eskalan ageri da C1 mailari dagokionean, erabiltzailearen ezagutza soziokulturalean eta C1 mailako egokitasun soziokulturalean. HEOCen, aldiz, B2an agertzen hasten da (gai-zerrendan eta idazmenaren ebaluazio-eskalan), maizago C1ean (trebetasunetan, gaietan) eta C2an ere aipamenen bat ere badago, entzumeneko testu-eredu batez gain. 

HIZPIDE aldizkarian argitaratutako artikuluei erreparatuz gero, bi dira gaiari buruzkoak.  "Euskalduntzearen umoreak" deritzonean honako hau dio Kepa Larrea artikulugileak:

Irakaskuntza, oro har, gai serioegia da eta umoreak ez omen dauka hor tokirik. Errealitatea bestelakoa da, ordea. Umorea bizitzaren aro eta arlo guztietan agertzen da eta irakaskuntzan ere bere tokia bete beharko luke. Helduen euskalduntze-alfabetatzean erabilitako hiztegi eta gramatiketan eta gomendatuko liburu eta irakurgaietan umorea bera lantzeko edota umorearen bidez euskara lantzeko hainbat proposamen aurki daitezke, sarri askotan, liburu horien egileen asmoa besterik izan bada ere. Beraz, umorea irakaskuntzaren beste euskarri eta baliabidetzat har daiteke, baldin eta neurriz eta egoki erabiltzen bada.

"Umorearen rola ikastaldearen garapenean eta kohesioan" izenburupean Rose Senior-ek idatzitakoaren laburpenean honako hau ageri da:

Artikulu honen gaia umorea da, eta ikastaldearen garapenean eta kohesioan duen egitekoa. Artikuluak bi urratseko azterlan kualitatibo baten aurkikuntza batzuk aurkezten ditu [...]. Azterlanean bistaratu zenez, irakasleek balio handia ematen zioten umoreari, eta hainbat modutan erabiltzen zuten ikasgeletako kohesioa bultzatzeko. 

Hau guztia kontuan hartuta, ELE eskolarako egindako 2017ko proposamen bat ere aurkitu dugu: "Y dónde está la gracia? El humor en la clase de ELE", Esther Linares Bernabeú-ren ekarpena. Testuingurua ELE mundukoa den arren, geurera hurbiltzeko ahalegina egin daiteke, besteak beste, euskaraz egon daitezkeen bakarrizketak baliatuta. Eta ELE esparru horretan proposamen gehiago ere badago, zaharragoak izan arren,  2005eko Pedro J. Alonsoren "Riendo se entiende la gente: el humor en clase de ELE", adibidez.

Eta zuk, zer diozu? Baduzu umorea eskolan gaiaz zer esanik?





Beste eduki interesgarriak

bestelako lankidetzak

Euskalduntzearen umoreak

Irakaskuntza, oro har, gai serioegia da eta umoreak ez omen dauka hor tokirik. Errealitatea bestelakoa da, ordea. Umorea bizitzaren aro eta arlo guztietan agertzen da eta irakaskuntzan ere bere tokia bete beharko luke. Helduen euskalduntze-alfabetatzean erabilitako hiztegi eta gramatiketan eta gomendatuko liburu eta irakurgaietan umorea bera lantzeko edota umorearen bidez euskara lantzeko hainbat proposamen aurki daitezke, sarri askotan, liburu horien egileen asmoa besterik izan bada ere. Beraz, umorea irakaskuntzaren beste euskarri eta baliabidetzat har daiteke, baldin eta neurriz eta egoki erabiltzen bada.
Beste iturrietatik

Umorearen rola ikastaldearen garapenean eta kohesioan

Artikulu honen gaia umorea da, eta ikastaldearen garapenean eta kohesioan duen egitekoa. Artikuluak bi urratseko azterlan kualitatibo baten aurkikuntza batzuk aurkezten ditu; azterlan horrek 1) ingeleseko 28 irakasle esperientziadunen sinesteak aztertu zituen, eta 2) hizkuntza eta kultura desberdinetako ikasle helduen zortzi ikastalderen bilakaera sozialaren berri eman zuen. Azterlanaren lehen urratsean garatutako ikastalde kohesioaren marko teorikoa bigarren urratseko datu-bilketa, analisia eta interpretazioa gidatzeko erabili zen. Azterlanean bistaratu zenez, irakasleek balio handia ematen zioten umoreari, eta hainbat modutan erabiltzen zuten ikasgeletako kohesioa bultzatzeko. Irakasleek talde-kohesioa balioesten zuten, horrek irakastea eta ikastea errazten dituelako ustetan. Ikastalde osoaren barrea talde-kohesioa ebaluatzeko modu informaltzat erabiltzen zuten. Haien ikuspegitik, barre egiten zuten taldeek aise lortzen zuten kohesio handia. Eta barre gutxi egiten zutenak, berriz, atzean geratzen ziren talde-kohesioari dagokionez.
110

H384 — Remotivación

José Angel Medinak hitzaldi bat eman zuen gaztelaniaz 2015ean HABEk antolatutako Ikastaroen barruan, "Remotivación" izenburupean. Bideo honetan, hitzaldi osoa duzue entzungai.