Irakasbil
Didakteka
Teknopedagogia praktikoa: teknologia digitalak hezkuntzan integratzeko ereduak eta diseinu didaktiko digitala (Arroyo Sagasta, A.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Bisitak: 1071
- Iruzkinak: 1
- Gogokoak: 1
2023an UEUk argitaratutako liburu honetan, teknologia digitala modu kritikoan integratzeko gakoak eta irizpideak ematen ditu Amaia Arroyok. Gaur egungo gizartea digitala izanik, ikasprozesuetan teknologia digitalak integratzeko adibide eta ideia praktikoak ematen ditu, atal bakoitzeko informazio osagarria duen QR bat baitu Interneteko esteka batekin.
Liburua teknologia digitala ikasprozesuetan integratzeaz kezkatuta dagoen irakasle ororentzat egokia izan daitekeela dio egileak berak UEUren liburuari buruzko elkarrizketa batean. Izan ere, azkenaldian ikaslea erdigunean jarri nahi duen hezkuntza-sistema batean sarturik gaude, eta horrek inplikazio argia du irakasleen funtzioan. Ikaslea erdigunean jartzeak aktibo bilakatzen ditu, eta, ondorioz, irakasle aktiboak behar izatera garamatza. Irakaslea, egun, erraztaile gisa hartzen da, eta ikaslearen sormena eta ikerketa sustatzeko testuinguruak sortzea eta diseinatzea dagokio irakasleari.
Ikuspegi instrumental hutsa albo batera utzirik, ikuspegi teknopedagogikoa erabiltzea proposatzen digu argitalpen honen egileak, alegia irakasprozesuan baliabide teknologikoa erabiltzeak onurak ekarriko ote dituen norbere buruari galdetzea. Argitze aldera, Sarean dagoen bideo batean (https://www.youtube.com/watch?v=Cz6XNSC4kU4) Amaia Arroyok berak azaltzen digu, besteak beste, geure buruei lau galdera funtsezko egitea beharrezkoa dugula, baliabide edo tresna jakin bat erabili behar dugun ala ez jakin dezagun: Zergatik? Zertarako? Zer? Nola?
Beraz, ikasgelan aplikagarri izan daitezkeen diseinu teknopedagogiko horiek sortzeko, kontuan hartu beharreko hiru alderdiren berri ematen digu autoreak:
- Alderdi akademikoak curriculuma du oinarri, eta bi atal nabarmentzen dira: funtsezko konpetentziak eta ikasegoerak.
- Alderdi sozialean bi adierazle hauek azpimarratzen dira: teknologiaren erabileraren pertinentzia edo egokitasun didaktikoa.
- Alderdi materialean, berriz, bi adierazle azpimarratzen dira: arrakala digitalaren identifikazioa eta digitalak edo teknologikoak ez diren baliabideen kudeaketa.
Horiek guztiak kontuan hartu edo ez balioesteko eta gure diseinua ebaluatzeko, gai honetan adituak ikasegoera teknopedagogikoen kontrol-zerrenda bat eskaintzen digu, oso baliagarriak diren gako-galdera batzuekin. Hori baliatzeko eta inprimatzeko bertsioan deskargatu ahal izateko, QR kodea ematen da liburuan.
Liburuaren azken atalean, aurrera begirako joerak eta erronkak aipatzen dira, baita azken QR kode bat ere, irakurleak berak bere ekarpenak egin ditzan, eta, nahi izanez gero, #digikasi traolarekin sare sozialetan bere iritzia parteka dezan.