Siglak (eta III)

Argitaratua: astelehena, 2016(e)ko ekainaren 20(e)an, 14:40(e)tan
Alex Mungia

Sigla, akronimo eta beste zenbait laburtzapenek toki berezia dute informatikaren alorrean, erruz erabiltzen dira-eta. Eta, askotan, arazoak sortzen dira siglak deklinatzean. Hori dela-eta, software-arloan kontuan hartzeko zenbait ortografia-irizpide laburbildu ditugu, gomendio gisa:

  • Marratxoa erabiliz deklinatuko ditugu produktu-izenak: Microsoft, Windows, Explorer…
  • Lehen osagaia sigla duten hitz elkartuak, marratxorik gabe: PCC sistema, CD grabagailua…
  • Hitz arrotza duten hitz elkartuetan, marratxorik gabe: GGV PostScript ikustailea, iragazki daemon-a…
  • Hitz arrotzak deklinatzean (programak, aplikazioak…), marra erabiltzea komeni da, hitza lexikalizatua dagoenean izan ezik: Zip-ak deskonprimatu, freeware-aren erabilera (baina webarekin lotura)…

Sigla horiek irakurtzeko moduari dagokionez, oso zabala da kasuistika, eta, ondorioz, zenbait kasu eta adibide ekarri ditugu hona. Oro har, izen bereziak dira formatuak eta lengoaiak.

Azalpena

Adibidea

Sigla silabaka edo hitz gisa irakurtzen da.

GIF (Graphics Interchange Format; irakurtzean, “gif”):

       GIFen animazio-aukerak

Sigla letraka irakurtzen da.

PDF (Portable Document Format; “pe de efe”):

       PDFn zegoen dokumentua.

Zati bat letraka eta bestea silabaka irakurtzen da.

JPEG (Joint Photographic Experts Group; “jota pe ge”):

       JPEGra pasatu zuen irudia (JPEG bihurtu zuen).

Izen bereziak laburtzean, haien adierazia irakurtzen da, eta horren arabera lotzen dira atzizkiak.

IE (Internet Explorer; “internet explorer”):

     IE-en moteltasuna

www siglak arazoak sortzen ditu. Gomendio moduan, “web(a)” irakurri, eta horren arabera deklinatu.

wwwaren mugak

Fitxategi-izenak deklinatzean, marratxoa erabili, deitura eta atzizkia bereizteko.

Ariketak.doc-en ezaugarriak

Webeko helbideak adierazteko, URLak erabiltzen dira. Honela irakurtzea  gomendatzen da.

http://www.euskaltzaindia.eus: “’hatxe te te pe’ ‘bi puntu’ barra barra ‘hiru uve bikoitz’ puntu euskaltzaindia puntu eus”

 


Informazio osagarria:

Gaiarekin lotutako beste eduki interesgarri batzuk

Alex Mungia

Siglak (I)

Siglak hitz-multzoak dira, ordezkatzen dituzten hitzen lehen letrez osatuak. Letra larriz idazten dira, eta, oro har, punturik gabe. Siglak deklinatzen dira, eta ez siglek ordezkatzen dutena. Izen bereziak bezala deklinatzen dira; hau da, artikulurik gabe. Dena den, batzuetan, erabiliaren erabiliaz, sigla batzuk izen arrunt bilakatzen dira; hori gertatzen denean, minuskulaz idazten dira, eta artikulua hartzen dute. Oro har, marrarik gabe eta ahoskatu bezala deklinatzen dira. Siglaren azken letra R gogorra denean, ez da [r] errepikatu behar lotura egiteko. Marratxorik gabe batzen dira sigla eta deklinabide-atzizkia, salbu eta siglaren azken letra berberaz hasten denean atzizkia. Irakurlearen aukera da siglak irakurtzea edo siglak ordezkatzen duena irakurtzea.
Alex Mungia

Siglak (II)

Gogora dezagun: oro har, letra larriz eta punturik gabe idazten da sigla bat. Sigla deklinatzen da beti, eta ez siglak ordezkatzen duena, eta, deklinabide-atzizkia letra xehez idazten denez, argi geratzen da non amaitzen den sigla. Sakontzen jarraitzeko, azter dezagun zer dioen Alfontso Mujikak “Siglak irakurtzen, siglak deklinatzen” artikuluan.
EBO

Siglak: laburtzapen-motarik emankorrenak

Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO) arautzeko asmoz, duela gutxi argitaratu du Euskaltzaindiak laburtzapenei buruzko araua (laburdurak eta siglak). Lehendik ere, Irakasbilen bertan siglen erabilerari buruzko sarrerak badira, eta aurretik esandakoa errepikatu gabe, zenbait aldaketa eta berrikuntza aurkituko dituzu segidan.