Irakasbil
Didakteka
Siglak (II)
- Atala:
- Egilea:
- Hizkuntza-arloa:
- Hizkuntzalaritza

- Atala:
- Egilea:
- Hizkuntza-arloa:
- Hizkuntzalaritza
- Bisitak: 3319
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Gogora dezagun: oro har, letra larriz eta punturik gabe idazten da sigla bat. Sigla deklinatzen da beti, eta ez siglak ordezkatzen duena, eta, deklinabide-atzizkia letra xehez idazten denez, argi geratzen da non amaitzen den sigla. Sakontzen jarraitzeko, azter dezagun zer dioen Alfontso Mujikak “Siglak irakurtzen, siglak deklinatzen” artikuluan.
Hiru faktorek erabakitzen dute siglen deklinabidea:
a) Siglaren erreferentea berezia ala arrunta den.
Lehenik, gainerako izenak deklinatzeko orduan bezala, siglaren erreferentea izendapen berezia ala arrunta den ikusi behar da. Siglak deklinatzean, horixe jakin behar da lehenengo, deklinabide-paradigma egokia hautatzeko.
b) Sigla letraka ala silabaka irakurtzekoa den.
Bigarrenik, sigla nola irakurtzen den erabaki behar da. Sigla letraka irakurtzekoa bada, beti bokalez amaitua izango da. Bestela, sigla hitz arrunt gisa irakurtzekoa bada (silabaka, alegia), gerta daiteke sigla kontsonantez bukatzea edo bokalez bukatzea, eta, horren arabera, deklinabide-atzizkian aldaketak gertatzen dira.
c) Sigla bokalez ala kontsonantez amaitzen den.
Azkenik, gainerako hitzak deklinatzean bezala, amaierari erreparatu behar zaio dagokion paradigma aplikatzeko.
Laburbilduz, erreferentea izendapen berezia izan eta letraka irakurtzen bada (beraz, bokalez amaitua): Mosku bezala deklinatzen da. Erreferentea izendapen berezia izan eta silabaka irakurtzen bada: 1) bokalez amaitzen bada: Mosku bezala; eta 2) kontsonantez amaitzen bada: Vladivostok bezala.
Bestalde, erreferentea izendapen arrunta izan, eta letraka irakurtzen bada (beraz, bokalez amaitua): etxe bezala deklinatzen da. Erreferentea izendapen arrunta izan, eta silabaka irakurtzen bada: 1) Bokalez amaitzen bada, etxe bezala deklinatzen da; eta 2) kontsonantez amaitzen bada: autobus bezala.
Hona hemen zenbait adibide:
|
Adibidea
|
Azalpena
|
|
AA (Alkoholiko Anonimoak) Beraz: NOREN: AAren; NORK: AAk. |
Erreferente bakarreko izendapen baten sigla da, izendapena pluralekoa bada ere. Siglaren erreferentea izendapen berezi bat da: erakunde bat. Letraka irakurtzen da [A-A]. Deklinatzeko, bokalez bukatzen da [aa]. |
|
I+G (ikerketa eta garapena) Beraz: NOREN: I+Garen; NORK: I+Gak. |
Siglaren erreferentea izendapen arrunt bat da. Siglaren bukaera letraka irakurtzen da [i-gehi-ge]. Deklinatzeko, bokalez bukatzen da [igehige]. Baina siglak berak erreferente berezi bat izan dezake, baldin eta erakunde baten sail baten izena bada. Adb.: Elhuyarko I+Gk |
|
ANZUS (Australia, New Zealand, United States Security Treaty) Beraz: NOREN: ANZUSen; NORK: ANZUSek. |
Siglaren erreferentea izendapen berezi bat da: erakunde bat. Silabaka irakurtzen da [an-zus]. Deklinatzeko; kontsonantez bukatzen da [anzus]. |
Informazio osagarria:
- Alfontso Mujika: “Siglak irakurtzen, siglak deklinatzen”
- BERRIAren Estilo Liburua (57.or.)
- EIMAren Ortotipografia (33.or.)


