Irakasbil
Didakteka
Shadowing: jatorrizko ahotsaren itzal
Published: Wednesday, 14 January 2026, 8:19 AM
Ohitura gutxi dago ahoskera lantzeko (gramatika, esaterako, gehiago), eta, lantzen denean, era isolatuan, idatziari lotuegi eta ekintza komunikatiboetatik at egin ohi da.
EEMB LOaren arabera (135. or.), hizkuntza-irakaskuntzan, azentuari eta zuzentasunari begiratu izan zaio tradizionalki (jatorrizko hiztun idealizatuen ahoskera oinarri), eta ez ulergarritasunari. Eredu idealizatuek ez dituzte kontuan hartzen ez testuingurua, ez alderdi soziolinguistikoak, ezta ikasleen premiak ere. Ildo horretatik, hauek dira EEMB LOaren eskaletan lantzen diren kontzeptu nagusiak:
- Ulergarritasuna: solaskideak zenbateko ahalegina egin behar duen hizlariaren mezua deskodetzeko.
- Hitz egiten diren beste hizkuntzen eraginaren neurria.
- Soinuen kontrola, artikulazioa.
- Prosodiaren ezaugarrien kontrola (intonazioa, azentua eta erritmoa).
Horiek horrela, gaur egun ahoskera lantzeko dauden metodo guztien artean, bat nabarmentzen da bereziki bere eraginkortasunagatik, nahiz eta lanketa osagarri gisa planteatzen dugun sarrera honetan: shadowing teknika, hain zuzen ere.
Zer da shadowing-a?
Shadowing-a Alexander Arguelles hizkuntzalariak asmatutako ikasketa-teknika bat da. Oinarri sinplea du: audio bat xede-hizkuntzan entzutea eta entzuten dena berehala errepikatzea, ozen eta esaldiaren amaieraren zain egon gabe. Jatorrizko ahotsaren "itzala jarraitzea", alegia.Zer lantzen da teknika honen bidez?
- Entzumen murgiltze aktiboa: pasiboki entzun ordez aktiboki parte hartzen da. Garunak soinuak artikulazio-mugimenduekin lotzen laguntzen du eta norberaren hizkuntzak ez dauzkan soinuen eskurapen naturala sustatzen da.
- Jariakortasuna hobetzea: hizkuntzaren erritmoa, intonazioa eta musikaltasuna imitatuz, jarioa arintzen eta bultzatzen da.
- Oroimena indartzea: entzundakoa berehala errepikatzeak atzeraelikadura zirkuitu bat eragiten du, ikaskuntza sendotuz.
- Ahoskeraren zuzenketa intuitiboa: audioarekin alderatuz, errazago hautematen dira norberaren akatsak.
Ekiteko zenbait aholku
- Audio-input egokia hautatu: mailako audio argi eta motelekin hasi. Ez daitezela luzeegiak izan. Euskara-ikasleek aukera ederra daukate bi webgune hauetan:
- Ingura: euskara online ikasteko plataformak maila eta modu ezberdinetan shadowing-a praktikatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Ingurako bideo eta audioak baliatuz batetik, baina urrats bat gehiago emanez, baita elkarrizketa baten baitan norberak bere burua grabatu eta entzuteko aukera bidez ere.
- Ikasbil: “Dokuteka” atalean, besteak beste, mailakatutako audio eta bideo ugari eskaintzen dira, transkripzio eta guzi.
- Transkripzioa erabili: testua parean edukitzeak ahozkoaren eta idatziaren arteko lotura egiten laguntzen du.
- Unean bertan errepikatu: hitz bat galdu arren edo zerbait gaizki esan arren, ez gelditu. Erritmoa jarraitzen saiatu eta, aurrerago, ohitura hartutakoan, esaldika saiatu.
- Errepikatu: errepikapenak funtsezkoak dira, konfiantza sendotu eta zehaztasuna lantzeko.
- Horiez gain:
- Leku lasai bat aukeratu: zarata gutxikoa eta erosoa.
- Patxadaz hartu: akatsak ez dira egun batetik bestera zuzenduko, ez izan beldurrik autoebaluazioari.
- Praktikarako maiztasun zehatz bat ezarri: hasi egunean 5-10 minuturekin.
Azaleko irudia: Tumisu, Pixabay
Show comments


