Didakteka
"Scaffolding: cuándo, cómo y para qué utilizarlo en el aula de español como lengua extranjera (E/LE)" liburuaz (López Medina, B.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Gakoak:
- Bisitak: 536
- Iruzkinak: 1
- Gogokoak: 1
Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan, gutxienez, duela bi hamarkada garatutako kontzeptua da Scaffolding edo aldamiatzea. Baina zertan datza Scaffolding edo aldamiatze-metodologia? Ikasleei ikasgelan sortzen zaizkien arazoak euren kabuz konpontzeko aukera emango dieten baliabideez edo tresnez hornitzean datza. Beraz, ez da ikasleari zuzenean laguntzea gelako ariketak ebazten, baizik eta baliabideak ematea, azter ditzan eta ondorioak atera ditzan. Scaffolding kontzeptuak aldi baterako laguntza dakar berarekin; beraz, kendu egiten da behar ez denean, aldamioekin gertatzen den bezalaxe.
Liburuko lau kapituluak izenburuko galderei lotuak daude: zer da aldamiatze-metodologia, noiz erabili, nola erabili estrategiak eta zertarako erabili.Dortoka, adarzabala, sagua eta belatxingaren fabula indiarrak ematen dio hasiera liburuari. Izan ere, fabulako animaliak elkarri modu sinplean lagunduz ehiztari boteretsu eta adimentsuari irabazteko gai dira. Fabula honek aldamiatzearen ideiara hurbiltzen gaitu.
Lehenengo kapituluak aldamiatze didaktikoa deskribatzen du bere ezaugarri guztiekin, bereziki, bertakoak ez diren hizkuntzetan. Bertan, teoria konstruktibistak azaltzen dira, banan-banan. Testuinguru horretan, scaffolding kontzeptua Vygotskiren 70eko eta 80ko printzipioen berrirakurketatik sortzen da, eta teoria guztien oinarrian mantentzen da ezagutza eraiki egiten dela, ez transmititu. Gainera, aldamiatze-motak ere aurkezten ditu.
Bigarren kapituluak –“Scaffolding: noiz” izenekoak– aldamiatzearen malgutasuna nabarmentzen du. Zereginaren zailtasunaren, motibazioaren eta taldearen jarreraren arabera, irakasleari zenbait teknikaren ezagutza eman behar zaio laguntza hori noiz kendu antzemateko, horrela ikaskuntza autonomoagoa izan dadin.
Hirugarren kapituluan –“Scaffolding: nola” izenekoan– irakasleak hainbat baliabide aurkituko ditu: aurretiko ezagutzak aktibatzea eta eskemak eraikitzea, diskurtsoa aldatzeko estrategiak, lehen hizkuntzaren erabilera, materialak eta baliabideak… Amaieran, irakaskuntza-gaitasunei buruzko hausnarketa egiten du. Irakasleak bere irakaskuntza-jardunaz jabetu behar du, eta horretarako, lehenik, aldamiatze-estrategiak identifikatu behar ditu, eta eskola batzuk grabatu, horiek aztertu ahal izateko. Era berean, autoebaluaziorako galdetegiak erabiltzea proposatzen du, eta, funtsezko baldintza gisa, ikasleen beharrak ezagutzea.
Laugarren kapituluak –"Scaffolding: zertarako" izenekoak– amaiera gisa, laburbiltzen ditu atzerriko hizkuntzako irakasleak izan ditzakeen zailtasunak. Liburuaren amaieran, glosario labur bat eta gaiari buruzko bibliografia zehatza bezain eguneratua jasotzen du López Medinak.
Esan gabe doa eskuliburu horrek praktikotasun handia duela; izan ere, literaturan gehien errepikatzen diren zenbait aldamiatze-motaren berri emateaz gain, kasu bakoitzari aplikatutako adibide praktiko eta errealak ere gehitzen ditu.
Argitaletxearen aurkezpena:
Scaffolding edo aldamiatze-metodologia hezkuntzaren edozein adarretan balio ukaezina duen estrategia didaktikoa da, eta azken hamarkadetan maiz ikertu izan da hizkuntzalaritza aplikatuan. Dena den, ikerketa hori zeharka baino ez da iristen atzerriko hizkuntzen irakaskuntzara (ELE), azterketa enpiriko oso espezifiko eta urrien bidez. Liburu honek hutsune hori betetzen lagundu nahi du.
Helburua da ELEko irakasleak aldamiatzea inkontzienteki erabiltzea eta, oinarri teorikoen bidez, erabilera gero eta kontzienteago bihurtzea. Liburuaren oinarria aplikazio praktikoak eta ikasgelan erabiltzeko aldamiatze-estrategien iradokizunak diren arren, irakurleak pedagogia eta hizkuntzalaritza aplikatuko funts teorikoak ere aurkituko ditu.
Liburuaren bigarren zatian, aurretik aipatutako oinarri teorikoen araberako proposamen didaktikoak deskribatzen dira, eta ELE ikasgelatako aldamiatze-estrategien banaketa, aplikazioa eta helburua azpimarratzen dira (nola, noiz eta zertarako). Irakaskuntzari ikuspegi soziokulturaletik eta komunikatibotik heltzen zaio eta ikasgelako benetako adibideak biltzen dira.
Azken batean, aldamiatze-teknikei buruzko gida bat eskaintzen da, eta ELEko ikasleen hizkuntza-gaitasunaren maila guztiak hartzen dituen adibideez baliatzen da, hasierako mailatik aditu-mailaraino.
Erreferentzia bibliografikoa:
López Medina, B (2022). Scaffolding: cuándo, cómo y para qué utilizarlo en el aula de español como lengua extranjera (E/LE). Comares.