Sare sozialak eta elkarreragin komunikatiboa (Méndez Santos, M.C. eta Vela Delfa, C.)

Argitaratua: Wednesday, 30 April 2025, 8:34 AM
Las redes sociales digitales en la enseñanza del español como lengua extranjera.

María del Carmen Méndez Santos eta Cristina Vela Delfa autoreek idatzitako liburua da Las redes sociales digitales en la enseñanza del español como lengua extranjera, eta espainieraren irakaskuntzan sare sozialen erabilera aztertzen du. Liburua irakasleentzako baliabide gisa pentsatuta dago, baina komunikazio digitalaren fenomenoan interesa duen edonork ere irakur dezake. 

Liburuaren lehen eta bigarren kapituluetan, komunikazio digitalak gure ohitura linguistikoetan nola eragin duen eta estilo komunikatiboan nola eragiten duen aztertzen da. Hirugarren kapituluan, sare sozialetan modu egokian adierazteko gaitasuna garatzeko ikasleentzako ariketak proposatzen dira. Laugarren kapituluan, irakasleentzako alderdi profesionalak aztertzen dira.

Liburuak, oro har, sare sozialen erabileraren inguruko hausnarketa bat planteatzen du, eta sare sozialetan erabiltzen diren hizkuntza-ereduak aztertzen ditu. Liburu honek euskarari ekarpen zuzenik egiten ez badio ere, hizkuntzen irakaskuntzaren inguruko ikerketak eta metodologiak ezagutzea baliagarria izan daiteke euskararen irakaskuntza hobetzeko.

Sare sozialak euskararen irakaskuntzan erabiltzeko hainbat modu daude, eta hauek oso baliagarriak izan daitezke ikasleak motibatzeko eta hizkuntza praktikatzeko. Hona hemen liburuan iradokitako zenbait ideia euskararen irakaskuntzara ekarria:

      • Ikasleek sortutako edukia partekatzea: ikasleek euskarazko blogak, bideoak eta argazkiak parteka ditzakete sare sozialetan. Adibidez, Instagram edo TikTok erabiliz, ikasleek euskarazko lanak edo proiektuak aurkez ditzakete.
      • Talde-lanak egitea: esate baterako, Facebook edo WhatsApp taldeak sor daitezke ikasleen artean, non euskarazko eztabaidak eta elkarrizketak sustatuko diren. Talde-lanak egiteko eta ideiak partekatzeko plataforma bikainak dira.
      •  Ikaskuntzaren gamifikazioa: Sare sozialetan lehiaketak eta jokoak antola daitezke, non ikasleek euskarazko galderak erantzun behar dituzten. Adibidez, Kahoot edo Quizizz erabiliz, ikasleek euskarazko galderak erantzun ditzakete puntuazioa lortzeko.
      •  Euskarazko edukiak partekatzea: Twitter edo Facebook bidez, euskarazko artikuluak, albisteak eta bideoak parteka daitezke, ikasleek hizkuntza gehiago praktikatzeko aukera izan dezaten.
      • Sare sozialetako taldeak: ikasleek euskarazko taldeetan parte har dezakete, non hizkuntza praktikatzeko eta ikasteko aukera izango duten. Adibidez, Facebooken euskarazko taldeak bilatu eta parte hartzea. Bestalde, traol-kanpainak sor daitezke, ikasleei ikasgaiari lotutakoak sortzea eta parte hartzea proposa daiteke. Horrela, gaiarekiko interesa susta daitekeela azpimarratzen du liburuaren egileak.

Azken batean, sare sozialak eskolan eraginkortasunez txertatzeak baditu onurak, besteak beste,  ikasleen parte-hartzea eta motibazioa handitu, eta ikasteko giro dinamiko eta interaktiboa sortzeko aukera ematen du. Egoki erabiltzen jakitea da gakoa. 

HABE liburutegian 


 


Erreferentzia bibliografikoa:
  • Méndez Santos, M.C.& Vela Delfa, C. (2023). Las redes sociales digitales en la enseñanza del español como lengua extranjera. Arco/Libros.  

Beste eduki interesgarriak

Blogak eta sare sozialak ikaskuntza esanguratsurako: proposamen digital baten gako didaktikoak

Blogak eta sare sozialak, ikaskuntza esanguratsua sustatzeko

Zer gertatzen da ikasleek blog edo sare sozialen bidez plazaratzen dituztenean beren ideiak? Zer-nolako eragina izan dezake horrek ikaskuntzan eta motibazioan? Ikasleek eduki multimodalak sortu eta partekatzen dituzten egitasmoek gaitasun digitalak, lan kolaboratiboa eta komunikazioa indartzen dituzte, eta horrek ikasleen motibazioan eragin positiboa du, haien parte-hartzea areagotzen baita. Irakasleak testuinguru esanguratsuak sortu, ikasleen ekimenak gidatu eta ikuspegi kritikoa sustatzen du. Helduen euskalduntze-prozesuan ere, proposamen hauek ikasleen ahotsa gizarteratzeko eta elkarlana sustatzeko aukera ematen dute.