Erdal aurrizkiak eta ordainak: mono-, uni- eta -bakar

Argitaratua: osteguna, 2026(e)ko urriaren 1(e)an, 09:46(e)tan
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Jakintza-arloa:
  • Hizkuntza-arloa:
    • Hizkuntzalaritza
  • Sarrera-egilea:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
euskararen kutxa
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Jakintza-arloa:
  • Hizkuntza-arloa:
    • Hizkuntzalaritza
  • Sarrera-egilea:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
  • Bisitak: 171
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Mono- aurrizkiak bat eta bakarra adierazten du. Jatorri grekoa du (mónos = «bakarra»), eta oso hedatua dago nazioarteko terminologian. Aurrizki modifikatzailea (zenbatzailea) da, hau da, laguntzen duen hitzaren esanahia zehazten du, «bat izatearen» edo «bakartasunaren» ideia erantsiz. 

Uni- aurrizki latindarrak ere esanahi bera du: unilingual eta monolingual erabiltzen da ingelesez maila berean. 

Mono- eta uni- euskaraz

Mono- eta uni- duten hitz asko mailegatu ditu euskarak, bereziki, terminologia zientifiko eta teknikorako. Erdal aurrizki hauek euskal oinarri bati eranstea, ordea, ez da hain ohikoa izan; halere, hitz batzuk badira mono-rekin, hala nola monoasegabe, monolabore eta monogeruza, eta euskarak bereganatuentzat jo bide daiteke. 

Gauzak horrela, mono- eta uni- dituzten hitz osoak mailegatzeaz gain, «bat izatearen» ideia euskaraz bakar eta bakoitz adjektibo edo bakarreko izenondoaren bidez ere adierazten da, izenaren eskuinean kokatuz bahuvrihi egiturak sortuz (Euskaltzaindiaren gramatikan gaur egun  emankortasun handikoak direla adierazten da, geometrian eta bereziki botanikan, anatomian zein zoologian):

  • adarbakar/adar-bakar edo adarbakoitz
  • aldebakarreko / unilateral
  • begibakar/begi-bakar edo begibakoitz
  • familiabakar
  • sexubakar
Bikoiztasunak

Bi hitz aurki ditzakegu kontzeptu bera adierazteko mono- aurrizkia duen maileguarekin sortuta eta bakar-ekin adierazita:

  • zuntz optiko monomodal / modu bakarreko zuntz optiko
  • mintzaira monotono / tonu bakarreko mintzaira
Eta bakar hitz-hasieran?  

Bakar- hitz elkartuen hasieran ere ager daiteke, eta horrek pentsaraz dezake mono- edo uni- aurrizkien pareko funtzioa duela: bakarrizketa = monologoa. Baina ez da izaten horrela. Izan ere, bakar- hasieran duten hitzetan esanahia ez da nahitaez «bat bakarrik» izatea, elkartuaren burua ez delako bakar. Bakarleku ez da «leku bakarrekoa», baizik eta bakarrik egoteko edo norbait bere baitara biltzeko lekua, munduko harrabotsetik urrun dagoen tokia. Era berean, bakar-zulo ez da «zulo bat bakarrik duena»; hori adierazteko, zulo bakarreko beharko genuke. Lorebakar lore bat bakarrik daukana da unifloro edo unifloral, eta bakar-lore beste hau: 

Bakar-lore

Bakar-lorea

ezpain zabala,

oten artean

ixil ixila.

Xabier Iratzeder, 1974

BIBLIOGRAFIA

Amuriza, X. (1974). Euskal aurrizkiak. Euskera, 19, 9-104.

Pérez Gaztelu, E. (2009). Erdal aurrizkien irtenbideak Zehazki hiztegian (eta II). Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo», 43(1-2), 721-743. https://doi.org/10.1387/asju.1752

Martín-García, J. (2024). Cuantificación de entidades y grados con prefijos. Rilce. Revista De Filología Hispánica, 40(1), 304-330. https://doi.org/10.15581/008.40.1.304-30


Ariketa  hitz-zopa

Gaiarekin lotutako beste eduki interesgarri batzuk

euskararen kutxa

Super!

Adjektibo moduan "super"rek bikaina esan nahi du eta iparraldean, harroa. Izen moduan gasolina mota bat zen eta, azkenik, erabiltzen da supermerkatu hitza laburtzeko. Aurrizki moduan euskarak bereganatutzat jo daiteke, gainetik adierazten du, edo handitasuna gaineratzen dio laguntzen duen izenari. Hiztegiak super aurrizkidun hitz batzuk jasotzen ditu eta Euskaltermen badaude beste zenbait jasota. Bestetik, gaur egun, ahozkoan maiz erabiltzen da "super" izenondoen eta adberbioen aurretik balio superlatiboa emateko (gaztelania bidez mailegatutako erabilera, zalantzarik gabe). Bizitasuna ematen dio ahozko hizkuntzari –eta adierazkortasuna–, baina ez da hiztegi aberatsaren seinale, eta idatzirako ez genuke gomendatuko. Badira modu jatorragoak balio hori lortzeko.
Euskararen kutxa

Auto: izena, aurrizkia eta ohar terminologikoak

Euskaraz sarritan erabiltzen dugun osagai bat da "auto", bai izen arrunt gisa, bai hitz elkartuetako lehen osagai moduan. Bi erabilerek ñabardura interesgarriak dituzte, eta irakasgelan argi azaltzeko modukoak dira.
HABEko logoa

Moto / motor

"Moto" eta "motor" hitzek euskaran duten erabilerak eta balio semantikoak hainbat esparrutan bereizten dira: "moto" nagusiki "motozikleta" edo "ziklomotor" adierazteko erabiltzen da, eta aurrizki gisa ere bai, motor bidez mugitzen diren gailuak izendatzeko. "Motor" ere "motor-zikleta" ere bada, baita makinak higiarazten dituen gailua ere, halaber, higidura eragiten duten ezaugarriak adierazten ditu adjektibo moduan. Eratorpenetan eta konposizioetan duten erabilera bereziak direla eta, bi formen arteko bereizketa eta funtzioak argitzea komeni da.