Letra-estiloei buruzko arau berria argitaratu du Euskaltzaindiak

Argitaratua: Wednesday, 6 March 2024, 3:02 PM
Euskaltzaindia

Euskaltzaindiak Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO) arautzeko asmoz, duela gutxi argitaratu ditu laburtzapenei (laburdurak eta siglak) eta sinboloei dagozkien arauak, baita letra-estiloei dagokiena ere.  Letra-estiloen arauan letra arrunta lehenesten du Euskaltzaindiak testuetan erabiltzeko, baina letra etzanari tarte zabala eskaintzen zaio.

Letra etzanaren erabilera

Letra etzanak testu arruntetik nolabait ere bereiztea du helburu. Esate baterako, honako kasu hauetan da erabiltzekoa letra etzana: 

  • Kontzeptu berri bat lehen aldiz aurkezten denean testu didaktikoetan.  
    • Adib.: Hizkuntza batean esanahia duen forma beregain txikiena da hitza.
  • Mailegu irentsigabeak, Euskaltzaindiaren Hiztegian (EH) sarrera ez badira eta euskaraz moldatu gabeak badira.
    • Adib.: backgammon, briefing, butifarra, capuccino, jet, homeless, joystick, jumbo, kart, kitsch, mosso, ninot, password, rating, saudade.
  • Argitalpenetako izenak ere bai, baina argitalpen horiek obra nagusiarekin batera izendatzen direnean, obra nagusia letra etzanez eta komatxo artean artikulu, poema edo ipuina. 
    • Adib.: Gabriel Arestiren “Nire aitaren etxea defendatuko dut” poema ezaguna Harri eta Herri liburuan argitaratu zen lehen aldiz, 1964an.  Salbuespenak badira letra arruntez jartzekoak, hala nola liburu-bildumak, berri-agentziak eta Liburu sakratuak nahiz haien osagaiak.
  • Ikus-entzunezkoen eta multimedia-produktuen izenak (filmak, diskoak…). Sorkuntza-obra digitalen kasuan, ordea, aldizkari eta egunkari digitalen, blogen, atarien eta wikien eta, oro har, hiztegi, entziklopedia edo glosarioen izenak letra etzanez idaztekoak dira. 
    • Adib.: Oraindik ez dut ikusi Blade Runner filma, ezta Potemkin korazatua ere.
    Baina ez datu-bankuen edo bilatzaileen izenak edo baliabide-bilduma hutsen webguneak edo aplikazio informatikoen izenak. 
  • Ekitaldiak, erakusketak, biltzarrak, hitzaldi, mahai-inguru, ponentzia eta kidekoen gaia izen espezifikoa bada (komatxo artean ere idatz daiteke).  
    • Adib.: Ekainaren 5ean, Emakumeak bertso munduan mahai-ingurua Martin Ugalden. Baina ekitaldiak izen espezifikorik ez badu eta deskribatzailea bada, letra arruntez idazten da. Adib.: Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra, Kultura-eskubideei buruzko mahai-ingurua. 

Letra etzana eta kasu-markak.

Letra etzanez idazten den hitzari edo hitz-multzoari kasu-marka ezarri behar zaionean, bi aukera teoriko daude: bata, letra arruntez idaztea, eta bestea, letra etzanez. Baina, praktikan, kasu-marka letra arruntez idaztea da gomendioa.  

Kasu-marka letra etzanez idatziko da honako kasu hauetan:  

  • Letra etzanez idazten den hitza absolutiboan badago eta artikulua baldin badu. 
    • Adib.: Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da.  
  • Lexiko arrunteko hitzak direnean eta enfasia emateko. 
    • Adib.: Lanean aritzearen eta lanean egotearen arteko aldeaz ohartuko da nonbait.
  • Zuzen erabiltzen ez diren hitzak eta lagunartekoak adierazteko.  
    • Adib.: Ama, handitzen naizenean, likoteroan ibiliko naiz airean.
  • Adiera bereziko hitza dela edo irudiko adieran erabilia dagoela adierazteko.  
    • Adib.: Aita santua izateko finalisten artean egon zen.
  • Mailegu irentsigabeak adierazteko.  
    • Adib.: 1980ko hamarkadan, contra izeneko paramilitarren aurka jardun zen Nikaraguan.

Adierazpen izendatzaileak izen berezien baliokideak dira. Adierazpen izendatzaileen berezitasuna da izena eta izana beti bat ez etortzea. Esate baterako, Argia izendapenaren erreferentea ez da argia, aldizkari bat baizik. Horrekin loturik, kontuan hartu behar da izena eta izana bat datorren ala ez kasu-markak etzanez idazten diren izendatzaileei nola lotu jakiteko: 

  • Bat ez datorrenean, azken hitza osorik hartu, izen berezi bat balitz bezala
    • Adib.: [egokia] Berriako kazetariak. [desegokia] Berriko kazetariak.
  • Bat datorrenean, azken hitza artikuluduna izango da, eta artikulu hori galduko da beste kasu-marka batzuk hartzean. 
    • Adib.: [egokia] Euskaltzaindiaren Hiztegitik atera dugu. [desegokia] Euskaltzaindiaren Hiztegiatik atera dugu. 
Letra etzanaren eta kasu-markaren artean marratxoa aukerakoa da: letra-estilo desberdina dutenez, ez da beharrezkoa marratxoa jartzea.  Marratxoa funtzionalki beharrezkoa ez bada ere, estetikoki egokia gerta daiteke teilakatzea desegiteko.  Adib.: Euskaltzaindiaren Hiztegitik edo Euskaltzaindiaren Hiztegi-tik.

Bestalde, marratxoz lotzen zaio kasu-marka, letra etzanez amaitzen den hitza r letraz amaitzen denean.  

  • Adib.: Ez ziren oso eroso egoten Mir-eko kosmonautak.  Era berean, metahizkuntzarako letra etzana erabiltzen da, eta, kasu horretan, kasu-marka marratxoz idatzi ohi da.  
  • Adib.: Ikusi dugu omen-ek eta ote-k badutela adizki jokatuaren eskuinean agertzeko aukera.  

Esaldiari dagozkion komak edo galdera-markak letra arrunten estiloan. Gomendatu ohi da koma, puntua eta etenpuntuak aurrean duten hitzaren letra-estiloarekin uztea.


Gehiago jakiteko:

Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Ortotipografia

 

Beste eduki interesgarriak

EBO

Sinboloak eta laburtzapenak desberdintzen dira

Euskaltzaindiak Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO) arautzeko asmoz, sinboloei dagokien araua argitaratu du duela gutxi. Arau horretan, sinboloak zer diren azaltzen da, laburtzapenetatik desberdinduz. Izan ere, sinboloa ez baitator hitz batetik edo batzuetatik; sinboloak kontzeptu oso bat ordezkatzen du.