Komunikazio EzBortitza: bizi-hizkuntza bat (Rosenberg, M. B. [itzultzailea, Diego Martiartu; gainbegiratzailea, Nerea Mendizabal])

Argitaratua: Monday, 10 October 2022, 2:23 PM
KEB

Komunikazio EzBortitza (KEB) ereduan oinarritu zen HABEk ekainean antolatutako Emozioen kudeaketa eskolak ematean: komunikazio eraginkorra, egoera gatazkatsuen irtenbide ikastaroa, komunikazio enpatiko eta asertiboaren bidez (norberaren emozioak identifikatuz eta gainerakoenak ulertuz), euskara irakastean izan daitezkeen tirabirak modu egokian kudeatu ahal izateko.  

KEBa ingelesetik dator: NonViolent Communication (NVC) kontzeptua Marshall Rosenberg-ek sortu zuen, eta horrek zekarren eredua lantzeko Center for NonViolent Communication (NVC) gunea ere eratu zuen. Komunikazio EzBortitzaren ereduak proposatzen duena da bihotzetik zintzoak izatea eta norbere buruari honako hau galdegitea: Zer dago ene barnean? Nolakoa naiz?, betiere kritikatu, errua egotzi edo epaitzen duen hitzik erabili gabe. Komunikazio-mota hori hizkuntza erabiltzeko beste ikuspegi baten isla da; ikuspegi berri honetan, egoera ulertzea da helburua, eta ez egoera bera aldatzea.

Iaz argitaratu zen euskaraz Komunikazio EzBortitza: Bizi-hizkuntza bat izenburupean Marshall Rosenbergek Komunikazio EzBortitzari buruz idatzitako liburua, eta HABEren liburutegian dago denon eskura. Liburu horretan bortizkeriaren ikuspegi zabala hartzen da, bortizkeria min ematen duen oro izanik. Horrela, gurean bortizkeria sortzen duena zerbait gaizki egin duela esanez beste pertsona bat inplikatzen duten hitzen erabilera hutsala da.

Edonola ere, KEBa erabiliz gure bizitzari eta munduari beratasuna edo elkar ulertzea aplikatzen diogu, eta geure buruarekiko, beste pertsona batekiko edo talde batekiko interakzioetan KEBa darabilgunean, geure izaera bihozbera naturalean errotzen gara. Ikuspegi hori eraginkortasunez balia daiteke komunikazioaren maila guztietan eta askotariko egoera gatazkatsuetan, harreman intimoetan, baita erakundeetan eta eskoletan ere. Erasotua eta zapaldua sentitzetik hitzak benetan aditzera eta azpian dauden sentimenduak ateratzera pasatzen da KEB prozesu batean murgiltzen dena, eta beste batzuek, berriz, lanean harreman eraginkorragoak eraikitzeko erabiltzen dute KEB eredua.

Marshall Rosenbergek adierazpen zintzo eta entzute enpatikoari jirafa-hizkera deitzen dio; bihotzik handiena duen animalia da jirafa kurioski, eta praktika horretan aritzeko funtsezkoa da bihotzaren zintzotasuna erabiltzea. KEB prozesuan, lau osagai nagusi daude:

  1. Egoera behatzea.
  2. Sentimenduak adieraztea.
  3. Beharrak aztertzea.
  4. Eskaera bat egitea.

Bestalde, KEBaren urrats nagusiak honako hauek dira: a) adierazi beharrekoa lau osagai horien bidez guk geuk geurea zintzoki adieraztea, eta b) lau osagaien bidez besteengandik informazioa enpatikoki jasotzea.

Marshall Rosenbergek idatzitako Speak Peace in a World of Conflict (Gatazkaren munduan, hitz egin bakearen hizkuntzan) beste liburu batean oso argi du izenburu horren azpian honako ohartarazpen hau dagoela: “esaten duzun hurrenak zure bizitza aldatuko du”. Bortizkeria oro konpontzeko modu bakarra, neurri batean, gure istorio propioei zama ezer epaitu gabe kentzea da, eta besteek esaten edo egiten dutenari erreparatzea; harreman emankorren eta eraginkorren gakoa ni pertsonala berez eta naturalki erortzen den une horietan dago, eta hori meditazio-uneetan edo, besterik gabe, poztasun sakoneko uneetan gertatzen da.

Beraz, autorea sinetsita dago gure izaerak berezkoa duela modu bihozberan ematea eta jasotzea, eta bihotzetik ematera garamatzan komunikazio-modu bat proposatzen du: KEBa. Norbaiti behar edo nahi duen zerbait emateak pozten gaituelako eta bestearenganako maitasuna bizi nahi dugulako ematen dugu geuretik. Hartu-eman baikor bat da KEBa, zintzotasunez adieraziz eta enpatikoki (bihozberatasunez) entzunez. Horrela jokatuz, ikasketa-prozesua bera ere emankorragoa izan liteke.

 

HABE liburutegian

 


ERREFERENTZIA:

Rosenberg, M. B. [itzultzailea, Diego Martiartu; gainbegiratzailea, Nerea Mendizabal]. (2020). Komunikazio EzBortitza: bizi-hizkuntza bat. Enpatia – Lankidetza – Benetakotasuna - Askatasuna. Txatxilipurdi elkartea.


Show comments
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Mon, 17 Oct 2022, 8:27 AM
    Hona hemen beste aukera bat gaian gehiago sakontzeko: http://hikhasi.eus/Albistegia/20221014/Asteazkenean_hasiko_da_Jirafaren_hizkuntza_eta_azken_plazak_eskura_daitezke_
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Mon, 17 Oct 2022, 9:33 AM
    GATAZKA: ATASKA EDO ASKA? Maiatzean estreinatu zuen ikuskizunaren berri eman nahi digu Nerea Mendizabalek, programazioan sartzeko egoki ikusiko bazenute. “Gatazka, ataska edo aska?” komunikazio ez bortitzaren ikuspegia antzerki, umore, musika eta edukiekin nahastutako ikuskizun dibertigarri honek edonorentzat esanguratsuak zaizkigun egoeretatik askatzeko arintasuna eskaini nahi digu. Gogotsu dago hezkuntza, ongizatea eta kultura uztartzen dituen formatu berri hau lau haizetara zabaltzeko.
    https://www.youtube.com/watch?v=NHzbMPCtTvU


  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Wed, 7 Dec 2022, 3:30 PM
    (EUS) Ataska edo aska, Nerea Mendizabal kantu-kontari diskaren kantu bat entzun nahi?
    Egin klik estekan kantua entzuteko.
    https://www.badok.eus/kantua/gabe/
    Diska abenduak 7tik 11ra Durangoko Azokako Goienkale 53n eskuragarri.
    https://www.badok.eus/kantua/gabe/
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Fri, 19 Apr 2024, 10:30 AM
    Datorren ekainaren 26an eta 27an ikastaro bat emango du UEUn, Iruñean, gaian murgiltzen hasi nahi duenarentzat zuzendua: "Komunikazio Ez Bortitza: hastapeneko edukiak". Informazio gehiago eta izen-ematea hemen: https://www.ueu.eus/jarduera-akademikoa/1995-komunikazio-ez-bortitza-hastapeneko-edukiak?utm_campaign=buletin-akademikoa-udaberria-6&utm_medium=email&utm_source=acumbamail

Beste eduki interesgarriak

Nerea Mendizabal

1206 - Emozioen kudeaketa eskolak ematean: komunikazio eraginkorra, egoera gatazkatsuen irtenbide (bideo-laburpena)

2022ko ekainaren 20, 22, 24 eta 27an Nerea Mendizabalek "Emozioen kudeaketa eskolak ematean: komunikazio eraginkorra, egoera gatazkatsuen irtenbide" ikastaroa eman zuen, HABEk antolatuta. Beheko bideoan, ikastaro horretan landutakoaren laburpen mamitsua eskaini digu.