"Inteligencia artificial y educación: construyendo puentes" liburua (Amaia Arroyo Sagasta, koordinatzailea)

Argitaratua: Thursday, 19 December 2024, 9:07 AM
IA y educación: construyendo puentes

Irakasle, ikertzaile eta profesionalei zuzendutako liburua da 2024ko hasieran argitara emandako honako hau. Izan ere, hezkuntzaren munduan ere badu eraginik adimen artifizialak:  AAk ikasi eta irakasten dugun modua eralda dezake.

Zortzi atal ditu liburuak. Funtsezko gaiei erreparatzen zaie, bakoitzean arlo bati helduta, baina, aldi berean, garapen bati jarraikiz. Atalek, gainera, badute ezaugarri komuna: galdera gisa planteatu dira, eta halakoxea dute izenburua. Are, galdera gehiago sortaraztea ere badago liburuaren xede gisa. Oinarrizko erreferentziak eskaintzen dira testuan zehar, era askotakoak eta ez soilik bibliografia.

Unibertsitate desberdinetako adituak dira atalgileak. Irakasbilen teknologia-foroan aipatu genuen Espainiako Diputatuen Kongresuaren Oficina C delakoak egindako lanerako (Inteligencia artificial y educación. Retos y oportunidades en España) kontsultatuak izan zirenen artean daude horietako batzuk.

Hauexek dira atalak eta egileak (Dialneteko erreferentziaz osatuak azken horiek).

Sarrera: ¿Por qué debemos hablar sobre inteligencia artificial y educación? (Amaia Arroyo Sagasta). Liburuaren eta atalen aurkezpena.

1. Empecemos por el centro: ¿Qué opina el alumnado sobre la inteligencia artificial? (Mariona Grané Oro). Ikaslearen iritziari erreparatzen zaio hasteko, ea zer pentsatzen duten AA ikas-irakas prozesuetan txertatzeaz. Sarritan, irakaslearen ikuspegitik teknologian, erremintetan eta abarretan ardazteak itsutu egiten gaitu.

2. Entonces, ¿qué necesito saber como docente sobre IA? (Ainara Bilbao Eraña). Ikasi beharreko zenbait kontzeptu lantzen dira, irakasle gisa gaia ulertu ahal izateko funtsezkoak liratekeenak, hala nola ikaskuntza automatikoa, alborapenak....

3. ¿Qué oportunidades ofrece la IA en educación? (César Poyatos Dorado). Galdera eta erantzunetatik harago, AA generatiboa baliatuta (ChatGPT, Copilot) erabil daitezkeen teknikak, ereduak eta horien adibideak aurkezten dira, zenbait esparruri begirakoak gainera (hezkuntza-baliabideak ez ezik, programazioak, ebaluazioa, burokrazia… ere aintzat hartzen dira).

4. ¿A qué promesas y desafíos me enfrento como docente con la IA? (José Luis Serrano Sánchez eta Mª del Mar Sánchez Vera). Ikuspegi kritikoa eskaintzen da hiru mailatan: eskola, erakundea, kanpoko mundua. Prozesu pedagogikoetan ardaztu beharra dagoela da funtsezkoa, ez bitarteko teknologikoetan.

5. ¿Cómo enfocar la creatividad ante la inteligencia artificial generativa? (Beñat Flores Puga). Makinek eta AAk ordezka gaitzaketen planteatzen da; hortaz aparte, sormena zer den, nolako harremanak dituen AA sortzailearekin...

6. ¿Cuál es el vínculo entre el arte y la inteligencia artificial desde una pedagogía crítica? (Carlos Escaño González eta Sara Osuna Acedo). Aurreko ataleko ekarpenak osatuz,  artelanen gaia lantzen da atal honetan, eremu artistikoan eta teknologikoan.

7. ¿Cómo implementar la IA en educación de manera ética? (Egoitz de la Iglesia Gamboa). Alderdi etikoa lantzen da, besteak beste “irakaslearen teknoetika” kontzeptua aurkeztuz (Technoetical Framework for Teachers - TEFT).

8. Después de todo… ¿por qué debemos seguir hablando de IA y educación?  Galderak egiten segitzen du liburuaren bukaeran koordinatzaileak, aldez aurretik egindakoaren laburpenean oinarrituta.

Laburbilduz, eremua azkar aldatzen ari den arren, ikuspegi gaurkotua eskaintzen zaigu Amaia Arroyo Sagastak koordinatutako lan labur eta mamitsuan, horren urruti ez dauden bi munduren artean zubiak taxutuz. Azken finean, jarrera kontrajarriak eta polarizatuak sumatzen diren arren, benetan AA eta hezkuntzaren harremana ez da ez zuria, ez beltza, gris-eskalakoa baizik. Azalean diotenez, gizarte digitalean eta AAren garaian hezkuntza ahaldunduagoa eta etikoagoa garatzeko gonbidapena egiten digu liburuak, horretarako behar dena zalantzan jarriz, eraikiz eta ekarpenak eginez, betiere elkarrizketa eta kooperazioa azpimarratuta.

HABE Liburutegian

Erreferentzia bibliografikoa

Arroyo Sagasta, A. (koord.). (2024). Inteligencia artificial y educación: construyendo puentes. Graó Educación.