"Nicky Hockly's 50 Essentials for Using Learning Technologies" liburua (Hockly, N.)

Argitaratua: Wednesday, 20 April 2022, 4:37 PM
Nicky Hockly's 50 Essentials for Using Learning Technologies

Nicky Hockly’s 50 Essentials for Using Learning Technologies liburua plazaratu berri du Cambridge University Press-ek; “Cambridge Handbooks for Language Teachers” bildumaren barruan dago. Ingelesa eta beste hizkuntza batzuk irakasteko ideia praktikoak, teknikak eta jarduerak eskaintzea da bilduma honetako eskuliburuen xedea. Poltsiko-argitalpenak dira batzuk, sarrera honetan aipatutakoa adibidez. Bestalde, badago Itzulpen Sailan euskaraz argitaratutakorik ere bai; Jim Scriveneren Ikasgela kudeatzeko teknikak edo Penny Ur-en Eztabaida erabilgarriak, esaterako.

The Consultants-E erakundean dihardu Nicky Hocklyk egun. Eskarmentu zabala du. Izan ere, 1987tik ari da irakasle, irakasleen prestatzaile eta aholkulari gisa; 1997tik, gainera, online. Halaber, idazle gisa ere badu izenik ikasteko teknologien esparruan, hainbat argitalpen baitu.

Egileak azaltzen duenez, bizitzako esparru guztietan bezala hizkuntzen eskolak ez dira teknologiaren olatuaren eraginetik kanpo geratu. Eskoletara etorri eta alde egin duten teknologiak ikusi ditu honezkero Hocklyk bere ibilbide profesionalean. COVID-19aren ondorioz denbora laburrean erremintetan eta teknologietan izandako ezinbesteko murgilketaren lekuko ere izan da, jakina. Dena den, aldatu ez dena (eta aldatuko ez dena) ongi irakastea dela uste du; azken finean, irakasle eraginkorrek ez dute azken teknologiarik edo tramankulurik behar. Bestela esanda, irakasle onak dira, teknologia baliatu zein ez, aurrez aurre edo online; irakastea eta ikastea da funtsezkoa, ez teknologia. Jakin ere badaki eten digitala dagoela (geografikoa ez da bakarra); teknologiarekin ondo moldatzen diren irakasleak eta eroso ez daudenak ezagutzen ditu. Edonola ere, teknologia digitaletarako sarbidea inoiz baino errazagoa dela ukaezina da; halaber, pandemia-garaian sumatu den legez, ikasteko esparru birtual eraginkorrak sortzeko erabil daitezke teknologiak.

Bere ustez, teknologia digitalak erabiltzeko ziur egoteak hau esan nahi du: ikaskuntzari laguntzeko teknologia horiek modu eraginkorrean erabiltzen jakitea. Horrekin batera, erronkak eta abantailak ulertzea, baita teknologiaren erabileraren inguruko arazoei aurre egiten jakitea ere.

Izenburuak dioenez, 50 atal idatzi ditu Hocklyk liburu honetarako; bi orrialdetako luzera dute guztiek eta sei atal nagusitan daude bilduta. Bere esanetan, alderdietako batzuk ez dira liburuetan maiz lantzen, teknologia baliatuta egin daitezkeen jarduerak izaten baitira ardatz. Horren adibide dira, esate baterako, egile-eskubideei eskainitakoak.

Honako hauek dira 6 atalak:

  1. Ikasteko teknologiak ulertzen (zergatik erabili beharko liratekeen teknologiak, ikaskuntzarako lagungarri diren, nola aukeratu egokienak);
  2. Ikasteko eta irakasteko ikuspegiak (ohiko rolak eta irakaskuntzari buruzko ikuspegiak egokitu beharko dira: aurrez aurreko gelatik harago doazen irakasteko eta ikasteko erak eskaintzen dituzte teknologiek eta Internetek; gero eta maizago konbinatzen dira esparru fisikoak eta birtualak...) ;
  3. Ikasteko teknologiez hizkuntza irakastea (hizkuntza irakasteko alderdiak, hala nola gramatika, hiztegia edo ahoskera, zein trebetasunak lantzeko balia daitezke teknologiak, egoki erabiliz gero; halaber, atzeraelikadura emateko zein ebaluaziorako ere bai);
  4. Ikasteko teknologiak kudeatzea (sor daitezkeen arazoak ulertzea eta bideratzea ere hartzen du bere baitan teknologiak modu eraginkorrean kudeatzeak, haurrekin izan zein helduekin)
  5. Tresnak eta joerak (erreminta jakinak etorri eta joan daitezke, baina tresna-mota batzuek iraungo dute, hala nola arbel interaktiboek edo adimen artifiziala ikas-irakas prozesuetan integratzeak);
  6. Irakasleen garapena (ikasleekin teknologiak erabiltzea baino zabalagoa da irakaslearen gaitasun digitala, bere garapen profesionalean laguntzeko zein arlo profesionalean eta bizitzan oro har etor daitezkeen erronkei aurre egiteko estrategien jabe izatea, azken finean).

Nahiz eta liburua laburra izan, glosategia, hitzen araberako aurkibidea eta erreferentzia bibliografikoak ere baditu.

Liburua irakurtzeko modua ez da bakarra: atalez atal egin daitekeela dio egileak edo behar denean atal zehatzera jota. Ohar bat ere egiten du: aipatzen dituen programa, app edo webgune jakinek urte batzuetan bederen erabilgarri izatea espero duen arren, eremu aldakorra izanik gerta liteke bihar edo etzi hala ez gertatzea. Kasu horretan, antzekoa bilatu beharko luke interesaturik dagoenak.

Liburuetako atal batzuk World of Better Learning blogean daude eskura (Baber, 2022): 

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean


Erreferentzia bibliografikoak: