Irakasbil
Didakteka
Gaitasun kritikoa eta adeitasun linguistikoa hizkuntzen eskolan
Lola Torresek idatzitako “Competencia crítica y amabilidad lingüística en el aula de lenguas” sarrera argitaratu dute Campamento Norte webgunean.
Gaur egun, gero eta argiago dago hizkuntzen ikas-irakaskuntzan komunikazioa ez dela helburu linguistiko hutsa, baizik eta pentsatzeko, mundua ulertzeko eta errealitatea izendatzeko modu bat. Hizkuntza erabiltzeak ondorio sozial eta emozional zuzenak ditu, bai norbanakoengan bai talde‑dinamikan; horregatik, eskola espazio egokia da diskurtsoaren eragina aztertzeko eta ikasleen pentsamendu kritikoa sustatzeko eta lantzeko.
Lola Torresek azpimarratzen du hizkuntza ez dela etiketa neutro hutsa: gure hitzek afektuak, arreta‑mekanismoak eta esperientzia pertsonalak aktibatzen dituzte, eta horrek zuzenean eragiten du ikasleen ongizatean, parte-hartzean eta harremanetan. Horregatik, egileak baliabide bat aurkezten du pentsamendu kritikoa eta adeitasun linguistikoa modu praktikoan txertatzeko, hiru urratsetan gauzatzen dena:
- Hautematea: hizkuntza-mota behatzea, identifikatzeko antsietatea sortu, pentsamendua blokeatu edo diskurtso kaltegarriak erreproduzitu ditzaketen seinaleak.
- Interpretatzea: hitzek zer emozio eta pentsamenduri eusten dioten aztertzea, eta zer eragin duten norberarengan eta besteekiko harremanetan.
- Aldatzea: hizkuntza birformulatzea, erregulatzeko, argitzeko, laguntzeko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko.
Esate baterako, irakasleek polarizazioa sortzen duten adierazpenak edo testuak gelara eramatea proposatzen du, eta ikasleekin batera aztertzea zein baliabide linguistikok aktibatzen duten tentsioa edo bazterkeria (dikotomiak, hiperbolak, etiketa sozialak…). Jarduera horren helburua ez da soilik arrisku diskurtsiboak identifikatzea, baizik eta ikasleei erakustea nola desaktibatu mezu oldarkorrak matizazioaren, galdera irekien edo birformulazio arduratsuaren bidez. Azken finean, irakasleak eredu gisa jardun behar du, ikasleei erakutsiz nola bideratu dezaketen elkarrizketa gatazka‑logikatik kanpo.
Eskolan arestian aipatutako baliabidea zertarako erabili zehazten du, besteak beste:
- hizkuntza-paisaia aztertzeko;
- eztabaidetan, absolutismoak hautemateko eta desmuntatzeko;
- kulturartekotasunean, hizkuntzak bestearen irudia nola eraikitzen duen behatzeko;
- idazketan, testuak berrikustea dikotomiak argitzeko;
- kideen arteko atzeraelikaduran: laguntzen duen hizkuntza sustatzeko;.
- elkarbizitzan: “zaintzen duten hitzak / polarizatzen duten hitzak” horma-irudi bat egiteko.
Beraz, horrelako jardueretan adeitasun linguistikoa ez da osagai formal hutsa, baizik eta elkarrizketa eraldatzailea sustatzeko estrategia didaktikoa (entzute aktiboa, hitzen erabilera zehatza, ardura partekatua…). Ondorioz, diskurtso publikoan nagusitzen ari diren mezu sinplifikatu eta emozionalki kargatuak problematizatzen laguntzen du, eta eskolan giro hobea eta hausnarketa sakonagoa sustatzen dira.
Ikuspegi hori guztia e-Hizpideren 105 zenbakian argitaratutako Encarna Atienzaren artikuluaren planteamenduekin bat dator. Atienzak defendatzen du hizkuntzen irakaskuntza espazio egokia dela errealitatea zalantzan jartzeko eta ikasleei beren ahotsa modu autonomo eta arrazoituan erabiltzeko aukera emateko. Haren ustez, hizkuntza‑jarduerak ezin dira botere‑harremanetik kanpo ulertu, eta eskola gune pribilegiatua da ikasleek diskurtso hegemonikoak problematizatu eta ikuspegi kritiko eta sozialki konprometitua gara dezaten.
Hortaz, bi iturri horiek erakusten dute hizkuntzen irakaskuntzaren erronka nagusia ez dela soilik hizkuntza-gaitasuna garatzea, baizik eta duintasuna, aniztasunarekiko errespetua, arreta emozionala eta pentsamendu kritikoa ere sustatzea.
Erreferentziak
Atienza, E. (2025). «Gutxi ordaintzen didate, baina izugarri gustatzen zait nire lana». Hizkuntza gehigarrien eskolak, errealitatea zalantzan jartzeko tokia. e-Hizpide, 105. https://doi.org/10.54512/SNZK4387
Torres, L. (2025, abendua). Competencia crítica y amabilidad lingüística. Campamento Norte. https://campamentonorte.com/competencia-critica-y-amabilidad-linguistica-en-el-aula-de-lenguas/
Irudia: Copilot erremintaz egina

