Irakasbil
Didakteka
Ebaluazioa ikaskuntzaren zerbitzura (II): tresnatik ebaluazio-kulturara
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Author of the introduction:
- Murua Anzola, Iñaki

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Author of the introduction:
- Murua Anzola, Iñaki
- Visits: 103
- Comments: 0
- Favorites: 0
Errubrikak, kontrol-zerrendak, eskalak... Askotariko tresnak erabil ditzakegu ebaluatzeko. Tresna bera hautatzeak, ordea, ez du argitzen zer ebaluazio mota egiten ari garen. Are gehiago, tresna berarekin oso bestelako ebaluazio-praktikak egin daitezke. Horregatik, arreta tresnaren formatutik erabilerara eramatea komeni da. Tresnak laguntzen al dio ikasleari egiten ari dena ulertzen? Ba al daki zeri erreparatu? Gai al da bere jarduna baloratzeko eta hurrengo erabakiak hartzeko?
Galdera horiek ebaluazio-tresnaren egitekoari begiratzera garamatzate. Naiara Bilbao Quintanaren proposamenean, tresna on batek ez du une jakin bateko jarduna balioesteko soilik balio; ikaslearen bilakaera ere ikusaraz dezake, irizpideak eta jardun-mailak agerian jarriz.

Bilakaera horrek garrantzi berezia du. Ikaslearen jarduna aztertzean, ez da aski zer dakien identifikatzea; ikasitakoa nola erabiltzen duen ere hartu behar da kontuan. Horrela, ikasitakoa gero eta autonomia handiagoz eta egoera konplexuagoetan erabiltzeko egiten duen bideari erreparatu diezaiokegu.
Bide hori ikaslearentzat ere argia izan dadin, ebaluazio-irizpideek ezin dute irakasleak zuzentzeko erabiltzen duen erreferentzia tekniko hutsa izan. Ikasleak ere irizpideak ezagutu eta ulertu behar ditu, bere jardunari haien arabera begiratu ahal izateko.
Horrek lotura zuzena du sailaren lehen sarreran aipatutako berrikuspenarekin. Ikasleak bere lana berrikusteko ez da nahikoa zerbait hobetu behar duela jakitea; zeri erreparatu eta zer norabidetan egin aurrera ulertzeko erreferentziak ere behar ditu. Ebaluazio-tresnak ikasprozesuan bertan erabiliz gero, jarduna planifikatzeko, aztertzeko eta doitzeko baliabide bihur daitezke.
HEOCak ere ildo horretan kokatzen ditu ebaluazio-irizpideak: ebaluazio formatiboa ikasprozesua erregulatzearekin lotzen du, eta, irizpideen jabe izanik, ikaslea bere ikasprozesua autorregulatzeko gaitzea du helburu.

Errubrikak ondo erakusten du tresnaren eta erabileraren arteko alde hori. Irizpideak antolatu eta jardun-mailak deskribatzeak informazio baliotsua ematen du, baina horrek ez du berez bermatzen ebaluazioa formatiboa denik. Errubrika amaieran kalifikazioa arrazoitzeko baino erabiltzen ez bada, egindakoa balioesteko tresna izango da nagusiki.
Ikasprozesuan txertatzen bada, ordea, beste aukera batzuk zabaltzen dira. Ikasleak zeri erreparatu jakin dezake, bere jarduna irizpideekin alderatu eta, pixkanaka, balioespenean parte hartu. Tresna bera izan arren, bestelakoa da haren funtzio pedagogikoa.
Hor dago tresnatik ebaluazio-kulturara egin beharreko jauzia. Kontua ez da gero eta errubrika osatuagoak sortzea, baizik eta irizpideak irakaslearenak bakarrik ez izatea. Ikasleak bere egiten dituenean, irakaslearen balioespenaren hartzaile huts izateari utzi eta bere jardunari irizpidez begiratzen has daiteke.
Ildo beretik, autoebaluazioak eta koebaluazioak ez dute zertan jarduera amaitu ondoren norberaren edo bestearen lana kalifikatzeko modu soilak izan; kalitatearen erreferentziak erabiltzen ikasteko aukerak ere izan daitezke. HEOCak biak jasotzen ditu, eta ikasprozesuaren ardura hartzearekin, ebaluazio-irizpide esplizituak izatearekin eta autonomia garatzearekin lotzen ditu.
Laburbilduz, ebaluazio-tresna baten balioa ez dago haren zehaztasunean edo diseinuan bakarrik. Tresnari ematen zaion erabilerak ematen dio haren balio pedagogikoa: egindakoa balioesteko baliabide hutsa izan daiteke, edo ikasleari bere jarduna aztertzen eta ikasprozesuan gero eta parte handiagoa hartzen lagun diezaioke. Horixe da tresnatik ebaluazio-kulturara doan bidea: ebaluazioa ez da irakaslearen esku dagoen amaierako jarduera hutsa, ikasteko eta irakasteko prozesuan partekatutako erreferentzia baizik.
Amaitzeko, galdera bat: gure ebaluazio-tresnek ikaslearen jarduna balioesteko bakarrik balio dute, ala bere bilakaera ikusten eta nola egin aurrera ulertzen ere laguntzen diote?
Erreferentziak
Bilbao-Quintana, N. (2026, maiatzaren 12a). Un instrumento de evaluación no es competencial por llamarse rúbrica. Tampoco lo es por tener indicadores, niveles de logro. [Irudiak txertatuta]. [Sarrera]. LinkedIn. https://lnkd.in/p/eTXXpVa2
Bilbao-Quintana, N. (2026, ekainaren 16a). Una rúbrica no garantiza evaluación formativa. Puede ayudar, sí. Puede orientar el aprendizaje. Puede hacer más visibles los criterios. [Irudiak txertatuta]. [Sarrera]. LinkedIn. https://lnkd.in/p/ezyGvGJ2
