Ebaluazioa ikaskuntzaren zerbitzura (I): hobekuntza-zikloak irekitzea

Argitaratua: asteartea, 2026(e)ko azaroaren 3(e)an, 13:31(e)tan
Naiara Bilbao-Quintana
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Jakintza-arloa:
  • Sarrera-egilea:
    • Murua Anzola, Iñaki
  • Bisitak: 56
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0
Ikasleak egindako lan batek ez du ikasprozesuaren helmuga izan behar. Abiapuntua ere izan daiteke: egindakoari berriro begiratzeko, zer eta zergatik egin den aztertzeko eta hurrengo urratsa erabakitzeko.
 
Hor kokatzen du Naiara BIlbao-Quintanak ebaluazio formatiboa. Izan ere, ebaluazioaren interesa ez dago soilik lortutako emaitza ezagutzean, baita hortik aurrera gertatzen den horretan ere: ikasleak bere jardunera itzultzeko eta erabaki berriak hartzeko aukerarik ba ote duen.
 
Ebaluatzea ez da ikaskuntza ixtea
 
Hobekuntza, hortaz, ez dator berez zuzenketaren ondorioz. Prozesua ziklikoa izateko, berrikuspenak benetako lekua izan behar du ikas-irakas prozesuan: lehen ekoizpenak zer erakusten duen aztertu, hartatik ikasi eta ikasitakoa hurrengo bertsio edo jardun batean baliatu.
 
Berrikustea, ordea, ezin da hutsean egin. Ikasleak irizpideak ezagutu behar ditu, bere jarduna zeren arabera aztertu jakiteko. Era berean, jasotzen duen feedback edo atzeraelikadurak aurrera egiten lagundu behar dio, zer alda dezakeen ulertzeko moduan.
 
Eta bada beste baldintza bat, sarritan ahazten dena: denbora. Egindakoa berrikusteko tarterik izan ezean, nekez baliatuko du ikasleak jasotako informazioa bere jarduna hobetzeko. Atzeraelikaduk, beraz, harekin zerbait egiteko aukera dagoenenan hartzen du benetako balio formatiboa.

Ikaskuntzan ezer aldatzen ez duen ebaluazioa
Ikuspegi horrek ikaslearen egitekoa ere zabaltzen du. Ez da irakaslearen balorazioaren hartzaile hutsa: bere jarduna aztertu eta erabakiak hartzen dituen eragilea ere bada. Hor dago metakognizioarekiko lotura. Helburua ez da soilik lan jakin bat hobetzea, baizik eta ikaslea pixkanaka ohartzea nola ari den ikasten eta zerk laguntzen dion aurrera egiten.
 
Planteamendu hori bat dator HEOCean ebaluazio formatiboari aitortzen zaion egiteko nagusiarekin;  ikas-irakas prozesua erregulatzea dela dio, eta ikaslea bere ikasprozesua autorregulatzeko gaitzearekin lotzen du. Era berean, autoebaluazioak zentzu osoa izan dezan, ebaluazio-irizpideak esplizituak eta operatiboak izatea eskatzen du.
 
Azken batean, hobekuntza-zikloa ez da berriro egitea besterik gabe. Egindakotik ikasi eta horren arabera jardutea da. Horretarako, irizpideak behar dira, atzeraelikadura erabilgarria eta, ezinbestean, hori guztia baliatzeko denbora.
 
Amaitzeko, galdera bat: gure ebaluazio-praktikek ematen al diote ikasleari astirik eta aukerarik egindakoa berrikusi eta beste erabaki batzuk hartzeko?
Erreferentziak

Bilbao-Quintana, N. (2026, maiatzaren 5a). Inicio una serie de publicaciones sobre evaluación, aprendizaje competencial y pensamiento visible. La idea de fondo es sencilla: pensar.  [Irudiak txertatuta]. [Sarrera]. LinkedIn. https://lnkd.in/p/eVMsE6qk

Bilbao-Quintana, N. (2026, maiatzaren 5a). Segunda parte de la reflexión de esta mañana sobre evaluación formativa.Una evaluación que no cambia nada en el aprendizaje. [Irudiak txertatuta]. [Sarrera]. LinkedIn. https://lnkd.in/p/epFSsU-Z