Jon Andoni Duñabeitia 2018/2019 ikasturtearen hasiera-ekitaldian hizlari

Argitaratua: Friday, 31 August 2018, 11:22 AM
Jon Andoni Duñabeitia

Jon Andoni Duñabeitia doktorea izango dugu hizlari 2018ko irailaren 14an Gasteizen egingo den helduen euskalduntzearen 2018/19 ikasturtearen hasierako ekitaldi akademikoan; Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu jauna izango da mahaiburu. Hitzaldiaren izenburua, berriz, Emozioak eta hizkuntzen eskurapena da.


Jon Andoni Duñabeitia zientzia kognitiboaren eta eleaniztasunaren arloetako nazioarteko aditua da. Nebrija Unibertsitateko Hizkuntza eta Hezkuntza Fakultateko katedraduna da, eta bertatik aztertzen ditu hizkuntza baten eta gehiagoren eskurapenean inplikatuta dauden mekanismo kognitiboak eta kodeak, pertsonen bizi-ziklo osoan gertatzen direnak. 

Nebrija Unibertsitateko ikertzaile nagusia (IN) da LAELE eta CEDI taldeetan –Atzerriko Hizkuntzen Irakaskuntzarako Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Ikerketa Taldea eta Kognizioa, Hezkuntza eta Norbanakoen Desberdintasunak Ikertzeko Taldea, hurrenez hurren–. Horrez gain, Basque Center on Cognition, Brain and Language BCBLko zientzialari elkartua da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko, Florida Unibertsitateko eta Comillas Pontifize Unibertsitateko masterreko irakaskuntza-taldeko kide. 

Ikerketa-arloari dagokionez, 80 artikulu baino gehiago eman ditu argitara nazioarteko aldizkari zientifiko nagusietan. Eta nazioarteko inpaktuko hainbat aldizkaritako edizio-batzordekide da. Gainera, Psikologia Esperimentaleko Espainiako Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko idazkaria da. Ikertzaile nagusia izan da Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta zenbait udal-gobernuk finantzaturiko proiektuetan. Ekialdeko eta Europako agentzia batzuek finantzaturiko zenbait ikerkuntzatako parte-hartzaile aktiboa da. 

Emozioak eta hizkuntzen eskurapena hitzaldian lehenengo hizkuntzen, bigarren hizkuntzen eta atzerriko hizkuntzen jabetzan zerikusia duten testuinguru emozional pluralen berri emango digu. Hizkuntzak eskuratzen diren testuinguru afektibo desberdinen ondorioz, gaur egun, hizkuntza horiekiko urruntze emozionala senti lezakete hainbat ikaslek, eta tarte emozional horrek, hizkuntzak eskuratzea zailtzeaz gain, pertsona horien inguruarekiko harremana oztopatu dezake, diglosia emozional deituriko konstruktua egia bihurtuz. Nola erantzuten du gure organismoak atzerriko hizkuntza batez mintzatu behar dugun egoeren aurrean? Nola kudeatu behar da ikasleak sentitzen duen aldentze emozionala? Zein tresna pedagogiko ditugu eskura? Hitzaldian entzuleek galdera horien inguruko hausnarketa egingo dute, eta adibide praktiko eta parte-hartzaileen bidez galdera horietako batzuen erantzunak aurkitzeko moduan egongo dira.


Noiz: 2018ko irailaren 14an, 12:00etan

Non: Goiuri Jauregia (Villa Suso), Martin de Salinas aretoa. Aihotz plaza, z/g. 01001 Vitoria-Gasteiz.

Oharra: Ekitaldian parte hartzeko deitu 943 022650 telefonora edo zuzendaritza@habe.eus helbidera idatzi irailaren 11rako.

Beste eduki interesgarriak

Eneko Anton eta Jon Andoni Duñabeitia

Elebitasuna, bi hizkuntza hitz egitea baino gehiago

Elebidun izateak baditu ondorioak, hizkuntza baten baino gehiagotan komunikatzeko gaitasuna izateaz gain. Hori horrela, elebidunen eta elebakarren arteko alderaketek zientzialari askoren interesa piztu dute aspalditik. Artikulu honetan, ondorio linguistikoei eta kognitiboei erreparatuko diegu, ondorio positiboei zein negatiboei, eta horretarako hainbat ikerketaren emaitzetan oinarrituko gara. Halaber, “abantaila elebidunaren” hipotesia aurkeztuko dugu
L de Lengua

Hizkuntzaren neurozientzia kognitiboa

Hizkuntzaren neurozientzia kognitiboa izan da L de Lengua-n Jon Andoni Duñabeitiari egin dioten elkarrizketan gai nagusia. Ohi bezala, Sarean dago eskura podcasta.