Didakteka
"El arte de dar clase (según un lingüista)" (Cassany, D.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 1540
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Daniel Cassanyren “El arte de dar clase (según un lingüista)” liburua plazaratu da 2021eko urtarrilean. Oso ezaguna dugu egilea gurean. HABE Liburutegian eskura dauden materialez gain, Irakasbilen ere badugu haren zenbait ekarpen eta erreferentzia. Adibidez, aurrez aurreko ikastaroetan irakasle izan dugu behin baino gehiagotan, eta Itzulpen Saila bilduman haren lan bat eman zen argitara 2013an eta osorik dago eskura egun webgune honetan bertan: “Sustraietatik zerura”.
Aurkezpenean Cassanyk dioen bezalaxe, sarri izan du buruan honelako liburu bat. Hala, urteetako eskarmentua bildu du, liburua laburra izan arren. Izan ere, beharra sumatu zuen irakasle gisa hasi zenean. Horregatik, irakasle hasiberriarentzat erabilgarria eta lagungarria izatea espero du, eta, aldi berean, hausnarketarako pizgarri eskarmentua dutenentzat. Bere irakasle-ibilbidearen hastapenetan, Marland-en “El arte de enseñar” liburua gustatu zitzaion, oinarrizkoa eta beste garai bateko isla izan arren (Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean badago alerik. baita HABE liburutegian ere). Oraingo lanaren izenburuak, tradizioari (“arteari”) eta liburu horri egiten die erreferentzia, baina badago alderik: nahita, “irakatsi” hartatik, “eskola eman” horretara egin du jauzi aditu katalanak. Horrez gain, bere ukitua ematen dio, hizkuntzalaria den neurrian: batez ere hizkuntza-irakasleentzat dela dio, eta, oro har, beste gaietako irakasleak izan arren hizkuntza ikaskuntzarako oinarrizko tresna dela dakitenentzat.
Espazio konplexua da ikasgela eta hainbat kontu gertatzen dira; gainera, maiz denak ez dira ikusten. Are, eskolan gertatzen dena deskribatzea ez dela erraza konturatu zen aspaldi Cassany, ezta bideoak erabilita ere. Horregatik jo du liburu honetan anekdoten bidera, besteak beste.
Aztertu dituen gaien artean honako hauek daude: eskolako lehenengo eguna (benetan lehenengoa dena), denboraren eta espazioaren kudeaketa, ikasleen aniztasuna, ikasteko taldeak eta ikaskuntza kooperatiboa, ez ahozko jokabidea, ikasteko esparru digitalak eta teknologia (materiala bidaltzeko, elkarreraginerako, elkarlanerako...), alor desberdinetako ulermena (adibidez, hitzez-hitzezkoa, inferentziala edo kritikoa) eta ekoizpena, ebaluazioa...
Ohi duenari jarraikiz, irakurterraza eta arina da estiloa. Beste hitz batzuetan esanda, argumentuak zehatzak eta zientifikoak badira ere, ez du diskurtso ilunik erabiltzen. Arestian esan bezala, bere bizipen eta pasadizo ugari aipatzen ditu; ikasgelako eguneroko bizitzako eszenak ere bai. Halaber, lauki ugaritan (hain zuzen, 82 guztira) bildu ditu aholkuak, jarduera-proposamenak, orientabide metodologikoak…
Ez du erreferentzia bibliografikoz zamatu nahi izan; haren hitzetan, interesa duenak aurkituko du Interneten halako asko. Dena den, agertzen diren bakan horien artean, Itzulpen Saila bildumako bat dago: Scrivener-en, “Ikasgela kudeatzeko teknikak”.
Bukatzeko, aipatu beharra dago SICELE elkarteak antolatu zuen webinario batean hitz egin zuela Daniel Cassanyk bere liburuaz eta egungo beste zenbait gairi buruz: https://youtu.be/8vqT8suEl6Y
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean
Erreferentzia bibliografikoa:
- Cassany, D. (2021). El arte de dar clase (según un lingüista). Anagrama.