Bideoaren erabilera eskoletan: bi sarrera eta ikastaro bat

Argitaratua: Friday, 4 August 2023, 10:37 AM
Pexels_George Becker-116366

ForVid ikerketak eman digu daturik euskara-eskoletan bideoaren erabilerari buruz; besteak beste, adierazgarria da bideoak ikusi ikusten direla baina egun ez dela horren ohikoa ikasleek edota irakasleek grabazioak egitea. Horren harira, grabazioen inguruko bi sarrera aurkitu ditugu azken egunotan; gaztelaniaz bata, ingelesez bestea.

Elena Alcalde Peñalverrek eta Alexandra Santamaria Urbietak “Narración digital en vídeo: ¿cómo podemos sacar partida a esta técnica para aprender y enseñar” eman dute argitara The Conversation webgunean. Ipuinak kontatzeak eta entzuteak (“storytelling”) duten indarra abiapuntu hartuta, abantailak azpimarratzeaz gain, ipuin-kontaketa eskolara eramatea proposatu dute. Hizkuntza xede berezietarako irakasten deneko adibide bat jarri dute, film bat grabatzea barne. Azkenik, ipuin-kontaketa digitalak gauzatzeko zenbait erreminta aipatu dituzte hala nola animazioak egiteko, bideoak editatzeko, azpitituluak jartzeko edota musika gehitzeko.

Rebecca Rios irakasleak, berriz, “Lights, Camera, English!” Video activities to engage your students”  idatzi du; World of better learning Cambridgeko blogean plazaratu da. Bideoak ikasleei nola laguntzen dien labur-labur azaldu ondoren, haiek erakartzeko eta bideoak sortzen laguntzeko hiru jarduera proposatu ditu: Flip plataforma baliatuta ariketa bat grabatzea (rol-joko labur bat, galdera bat erantzutea, abesti bat kantatzea…), Edpuzzle erabilita bideoz zenbait eratako erantzunak ematea eta, azkenik, ikasleek bideoak sortzea oso gustuko badute, egitasmo oso bat eratzea, film-festibal bat esaterako.

Azken ohar bat: foroan adierazi dudan bezala, "Bideogintza hezkuntzan" online ikastaroa antolatu du UEUk, azalpen-bideoak egiteko interesa duen edonori zuzendua. 2023ko irailetik azarora izango da eta matrikula doakoa da.


Show comments