Didakteka
"La atención a los factores afectivos en la enseñanza de ELE" liburua (Jane Arnold eta José Manuel Foncubierta)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 273
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Eztabaidaezina da alderdi afektiboek (emozioek, sentimenduek, aldarteak, jarrerak) egunerokoan duten eragina. Hizkuntzen ikas-irakaskuntzan ere alderdi hauen garrantzia aintzat hartzen den arren, nahiko berriak dira dimentsio afektiboaren analisia eta tratamendu didaktikoan ardaztutako ikerketak, eta nahiz eta hezkuntza-eredu berriek ikaslea jartzen duten ikas-irakaskuntza prozesuaren erdigunean, orain arteko ikerketak ez dira behar beste zentratu faktore afektiboak lantzeko aukera ematen duten tresna didaktikoen bilaketan.
Irakaslearen ikuspegi zabal eta integratzailea funtsezkoa da, taldea osatzen duten pertsonen arteko harremanak ulertu, kudeatu eta finkaturiko irakaskuntza-helburuak lortzeko. Adituek nabarmentzen dute ikaskuntza iraunkorragoa izango dela, baldin eta ikasleentzat zentzua eta garrantzia duten esperientzia motibagarrietan oinarritzen bada, eta talde-giroarekiko sentibera den eta norberaren potentziala indartzen duen ingurune atsegin batean ematen bada.
Irakaskuntzan profesional ona izan nahi duenak ikuspegi integratzailea izan behar du helburu, emozio eta sentimenduekin lan egiteak sentsibilitate handia eskatzen baitu. Sentimenduen eta emozioen kudeaketa funtsezko gaitasuna da bigarren edo atzerriko hizkuntzen irakasle onaren profila definitzean. Norberaren emozioak kudeatzen jakitea, pertsonen arteko harremanak hobetzeko gaitasuna izatea edota ikaslearen adimen emozionalaren garapenean inplikatzea bezalako alderdiak dira profesional ona izan nahi duen irakasleak aintzat hartu beharko dituen gaitasunak.
Hizkuntzen irakaskuntzan esperientzia aitortua duten Jane Arnold eta José Manuel Foncubiertak Edinumen-erako idatzi duten La atención a los factores afectivos en la enseñanza de ELE liburua oso baliagarria izango da hizkuntzen irakaskuntzan ikuspegi zabalagoa eta integratzailea aplikatu nahi duen irakaslearentzat. Bereziki, IV. eta azken atala, alderdi afektiboak lantzeko jarduera praktiko eta eraginkorrak aurkezten dituena. Aipatu atalean, jarduera bakoitzaren helburu linguistikoak edo landu beharreko trebetasunari dagozkionak zehazteaz gain, ariketa edo jarduera bakoitzak alderdi afektiboan izan ditzakeen onurak zehazten dituzte liburuaren egileek (ikus adibidea).
Erreferentzia bibliografikoa
Arnold, J. eta Foncubierta, J. M. (2019). La atención a los valores afectivos. Edinumen.