Santos Guerraren "¿Qué hacemos con el cuchillo? Las finalidades de la evaluación" artikuluaz

Argitaratua: Tuesday, 7 May 2024, 4:07 PM
Santos Guerra

Idazle oparoa dugu Miguel Angel Santos Guerra. Hamaika liburu eta artikulu ditu argitaratuak; oraindik orain astero plazaratzen du sarrera bat El Adarve blogean, iritziak eta bizipenak azalduz. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean badaude haren lanak. Gure esparruan ere aipatu izan dugu sarri; adibidez, ikus Hizpide aldizkariaren 42. zenbakian argitara emandako “Ebaluazioaren alfabetoa” izenekoa.

Artikulu batekin datorkigu oraingoan: ¿Qué hacemos con el cuchillo?. Las finalidades de la evaluación. Aipatutako blogean egiten duen legez, metaforez (aiztoarena, oso bisuala eta ulerterraza), adibideez, aipuez… janzten du bere ikuspegia. Azken finean, urteetan azaldu duen ikuspegiaren laburpentzat jo dezakegu oraingo testua.

Funtsezkoa ez da egilearen ustez maiz ebaluatzea, ezta ondo ebaluatzea ere, baizik eta zein den prozesuaren xedea. Lau xede azaltzen ditu, duten balioaren edo garrantziaren arabera sailkatuta:

i. pedagogikoki aberatsak diren xedeak (presoa loturik duen soka ebakitzeko aiztoa)

ii. pedagogikoki pobreak direnak (aiztoaz patatak zuritzea edo sandia zatitzea)

iii. antzuak (aiztoa kaxoian gordetzea)

iv. sasiko xedeak (aiztoaz pertsona bat zauritzea edo hiltzea)

Haren ustez, egon badago lege- eta erakunde-marko jakina profesionalentzat, baina jarduteko arauak uzten duen tartea baliatu behar da ebaluazio-praktikak ikuspegi pedagogikotik aberatsagoak diren xedeetara bideratzeko, bide batez, liburuetatik eskoletarako edota teoriatik praktikarako jauzia emanez.

Aldizkariaren laburpena (euskaratua)

Aiztoaren metaforaren bidez, garrantzitsuena ez dela tamaina edo zorroztasun handiagoa edo txikiagoa izatea; zertarako erabiltzen den da gakoa. Izan ere, aiztoaz zauritu edo hil, patatak zuritu edo sandia zati daiteke, kaxoi batean gordeta egon daiteke edo eskuak lotuta dituen preso bat askatu. Bi irudi aztertzen dira, eta horien bidez erraz uler daiteke artikuluan defendatzen dudan tesiaren izaera: ez dago ezer ergelagorik okerreko norabidean eraginkortasunik handienarekin abiatzea baino. Ariketa baten bidez, helburu idealen eta errealen, aberatsen eta pobreen, baloratuen eta praktikatuen arteko aldea erakusten da. Bertan ikus daitekeenez, teorian gehien baloratzen direnak ez dira herrialde askotako hezkuntza-sistemetan gehien praktikatzen direnak. Jarraian, lau helburu-kategoria proposatzen dira, aberastasun pedagogiko handienetik txikienera ordenatuta, balio handienekoak praktikatzera gonbidatuz. Azkenik, irakasleek funtzio aberasgarrienak gauzatzeko iradokizun batzuk daude.

Erreferentzia bibliografikoa

Santos Guerra, M. A. (2024). ¿Qué hacemos con el cuchillo? Las finalidades de la evaluación. Revista Iberoamericana de Evaluación Educativa, 17(1), 11-24. https://revistas.uam.es/riee/article/view/riee17_1_001