"Aprender a aprender en la era digital" liburua (Camacho, A. eta Román-Mendoza, E.)

Argitaratua: Monday, 6 August 2018, 12:21 PM
Aprender a aprender en la era digital

Esperanza Roman-Mendoza ezaguna da gure artean, besteak beste, HABEk Gasteizen antolatutako MoodleMoot Euskadi 2011 izeneko jardunaldien hitzaldi nagusia eskaini zuelako ikaskuntza formalaz eta informalaz. Roman-Mendoza aspaldi da espainiera-irakaslea Washington-eko George Mason Unibertsitatean eta beti ere kezka handia izan du ikasteko eta irakasteko prozesuez, bai eta horien eta teknologiaren arteko erlazioez ere.

Horrela, berrikitan eman du argitara Aprender a aprender en la era digital izeneko liburua eta bertan baieztapen sendo batetik abiatzen da: etengabeko aldaketa teknologikoan dagoen gizartean bizi garela, XXI. mendeko hiritarrek derrigor garatu behar duten gaitasuna da modu autonomoan ikasten ikasteko gaitasuna. Agerikoa da zeregin horretan berebiziko garrantzia dutela ikasteko ingurune tradizionalek, eta batez ere, irakasleek. Izan ere, irakaslearen eginkizun nagusietako bat izan behar du ikasleei ikasten ikasteko bitartekoak, adibideak eta aribideak eskaintzeak.

Hala ere, jakin dakigu ikasgela barruko gaikuntza eta ikaskuntza funtsezkoak izanagatik ere, ez direla nahikoak eta ikasteko gune ezformalak eta informalak ere behar-beharrezkoak direla, edozein ikas-prozesuren garapenean derrigor txertatu beharrekoak.

Egun hizkuntza-ikasleak gune ezformal eta informal horiek oso era errazean izan ditzake eskura teknologiari esker, edo bestela esateko, Ikaskuntzaren eta Ezagutzaren Teknologiei esker (IETak). Are gehiago, dagoeneko jakina da teknologiaren erabilera ez dela norberaren hautu-kontua edo aukera-kontua, edo osagarria… Egun ezinezkoa da hiritarrak heztea baliabide teknologikoei muzin eginda eta horiekiko ikuspegi kritikoa garatu gabe.

Hala ere, aurrekoa bezain agerikoak ere badira teknologiaren garapen ikaragarri azkarrak irakasleen artean sortzen dituen ezinegona eta kezka. Berrikuntzak eta aurrerapenak ugariak dira; aplikazioak eta tresna berriak etengabe sortu eta plazaratzen dira; irakasleek berrikuntzaren aurrean pairatzen duten estresa gero eta handiago… Horrela posible al da horiek guztiak gure hezkuntza-sistemak bere egitea? Ez dirudi, ez, lan erraza! Gehienetan, gainera, behar besteko gogoeta pedagogikorik egin gabe aurkezten zaizkigu berrikuntza teknologikoak, nork bere testuingurura egokitzeko aukera errealik gabe eta ikas-prozesuari benetan zertan laguntzen dioten aztertu gabe.

Liburu hau gain-gainetik zirriborratu dugun egoera horretan kokatzen da eta helburu nagusia du irakasleei behar besteko tresnak eskaintzea IETak ikuspuntu kritiko batetik erabili ahal izateko eta horrela, ondorio eta azken xede gisa, ikasleen ikasteko autonomia bultzatu ahal izateko.

Liburuak bi atal nagusi ditu. Lehenean, teknologiaz lagunduta, autonomiaren garapenari dagozkion alderdi teoriko nagusiak laburbildu ditu Roman-Mendozak, eta bigarrenean, irakasleek nahiz ikasleek burutzen dituzten ohiko zeregin eta atazetan alderdi teoriko horien aplikazioak kritikoki inplementatzeko gakoak ematen ditu. Jorratzen dituen gaiak, beraz, asko eta askotarikoak: teknopedagogiaren definizioa eta taxonomiak; Ikaskuntzaren eta Ezagutzaren teknologiak eta autonomiaren garapena H2aren ikaskuntzan; World Wide Web delakoa; ikasteko ingurune birtualak, e-ikaskuntza eta b-ikaskuntza; komunikazioa birtualitatean; konpetentzia digitalak; irakaslearen konpetentziak; irakaslearen portfolioa; beharren analisia; IETak aukeratzeko eta antolatzeko irizpideak… Lasai asko esan dezakegu liburuan barrena gaur egun ezein ekarpen egin dezaketen planteamendu eta gai guztiak jorratu dituela egileak, azken erabiltzailearen ikuspuntutik (irakaslea nahiz ikaslea izan) eta jarrera kritiko batetik.

Osagarri gisa, Roman-Mendozak webgunea ere atondu du. Bertan liburuan zehar deskribatu diren tresna teknologikoak eta praktika onak jasotzen dituen datu-basea dugu eskura. Bilaketak egiteko hainbat modu ditugu baina azpimarratzekoak dira horietako bi: a) funtzio instrumentalen arabera egin daitezke bilaketak (adibidez, URLa laburtu, argazkiak partekatu, denbora-lerroak sortu…), eta b) ekintza didaktikoen bidez (bildu, partekatu, sortu, antolatu…).

Ezbairik gabe, irakaslea izan du beti gogoan egileak, berau ahaldundu nahian, berrikuntza pedagogikorako agente nagusia delakoan. Horregatik, irakasleen prestakuntzarako material hauek teoria eta praktika konbinatuz daude idatzita, gogoeta eta hausnarketa bultzatzeko asmoz beti ere. Irakurri beharrekoa, beraz, teknopedagogiak egin ditzakeen ekarpenen berri izan nahi duen ororentzat.

HABE Liburutegian

Beste eduki interesgarriak

Esperanza Román Mendoza

Hitzaldia: "Implementación crítica de las tecnologías del aprendizaje en las actividades de aula: retos y posibilidades

Era guztietako gailu elektronikoen, online zerbitzuen eta mugikorretarako app-en erabilera bigarren hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzan lagungarri bilakatu direla ez dago zalantzan; areago oraindik, horien bitartez erabat bidera daitezke aipatutako prozesu horiek. Hala ere, teknologiaren aldaketa azkarrari eta gizartearen esparru guztietan duen barneratzeari erreparatuta, inplementazioaren inguruko alderdi guztiak behin eta berriz birplanteatzea da beharrezkoa, hala nola 1) ikas-irakasteko prozesuan zergatik erabiltzen diren ikaskuntzarako eta jakintzarako teknologiak (IJT) (2) zein mailataraino ari diren lortzen IJTen erabileraren ondorengo ustezko emaitzak eta (3) aurrerapen teknopedagogiko berrien aurrean zein diren aukerak eta erronkak