Didakteka
ALTEren VIII. Nazioarteko Jardunaldiak
- Atalak:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Jarduera motak:
- Jardunaldia
- Jardueraren antolatzailea:
- Beste
- Atalak:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Jarduera motak:
- Jardunaldia
- Jardueraren antolatzailea:
- Beste
- Bisitak: 636
- Iruzkinak: 2
- Gogokoak: 1
2020ko udaberrian, pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu ziren ALTEren VII. Nazioarteko Jardunaldiak. Aurtengo hauek dira 3 urteko etenaldi horren ostean egin diren lehenak, Etorkizunari begirako egiaztatzegintza (Language Assesment Fit for the future) izenburupean.
Hona hemen Areto Nagusian landutako gaien laburpena.
Apirilak 26
Lehenengo bi saioak ALTE erakundeko ordezkariek eskaini zituzten. Lehen saioan Graham Seed ALTEko idazkari kudeatzaileak Erakundearen historia laburtu zuen: noiz eta nola sortu zen, zein erakunde izan ziren eragile nagusiak —Salamancako Unibertsitatea eta Cambridge—, nola hedatu zen beste erakundeetara, eta gaur egun zenbat erakundek osatzen duten. Bigarren saioan, berriz, Nick Saville ALTEko idazkari nagusiak zehaztasunez azaldu zuen zein elkartekide-mota dauden ALTE erakundean —full member / associate member—, ALTEren eginkizun nagusia zein den —egiaztatzegintza-erakundeek erabiltzen dituzten azterketa-sistemen kalitatearen ikuskaritza, hobetzeko urratsen zehaztapena eta Q-mark zigiluaren esleipena—.
Hurrengo saioan, Javier Fruns eta Manuela Gil Toresano (Cervantes Institutua) Espainiako hizkuntzen egiaztatzegintza-ebaluazioaren egungo egoeraz mintzatu ziren eta deskribapen zabal bat egin zuten azken 15 urteetan (2009-2023) erakunde desberdinek (Cervantes Institutua, Unibertsitateak, Hizkuntza Eskolak, Erkidegoetako Egiaztatzegintza Erakundeak…) izan dituzten formakuntza-beharrez: erabilitako prozesu eta prozedurak, azterketa-konstruktua, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu osagarriaren inplementazioa, ikerkuntza, prestakuntza, Masterrak…
Apirilak 27
Ostegun goizeko saioak ikuspegi etiko batetik inklusibitateak eta dibertsitatearen demokratizazioak ebaluaziogintzaren esparruan eduki beharreko garrantziaren inguruan aritu ziren, eta hala, hainbat arlo jorratu ziren: justizia soziala, etika profesionala, dibertsitatearen aitorpena, behar bereziak dituen biztanleriarekin erabili beharreko komunikazio-moduak, hizkuntza gutxituen aitorpena…
Lynda Taylorrek oso egoki asmatu zuen irudikatzen, Kanadako indiarren ipuin batean oinarrituta, denontzat mesedegarri dela hizkuntza gutxituak ahalduntzea edota inklusibitatea barneratzea —balio demokratikoak diren aldetik—.
Tobias Haugek, berriz, zeinu-hizkuntzaren egiaztatzegintzak dituen erronkak jorratu zituen. Zeinu-hizkuntzen ezaugarriak zerrendatu ondoren, aipatu zuen, jende askok uste duenaren kontra, zeinu-hizkuntzak ez direla nazioartekoak eta are estatu beraren barruan zeinu-hizkuntza bat baino gehiago egon daitezkeela. Zeinu-hizkuntzen erabiltzaileek oso komunitate txikiak osatzen dituztenez, oraindik ere oso gutxi dira zeinu-hizkuntzak nola bereganatzen diren aztertu dituzten lanak; ahalegin horretan ari dira eta ALTEren hurrengo jardunaldietarako emaitza eta ondorio batzuk argitaratuak izatea espero dute.
Vladimir Simon eta Denisa Lachmanova txekiar zeinu-hizkuntzaren egiaztatzegintza-ebaluazioaz mintzatu ziren; dagoeneko argitaratuak dituzte Erreferentzia Markoa, Glosarioa eta A1-B2 maila bitarteko deskriptoreen bilduma. Badakite lehen urrats bat besterik ez dela baina beste herrialde eta zeinu-hizkuntzetara ere hedatzeko baliagarri izatea espero dute. Nazioarte mailako proiektu bat abian jartzea desiratuko lukete. (https://cefr-czj.npi.cz/enis).
Apirilak 28
Neus Figuerasek, bere hitzaldiaren hasieran, Europako Erreferentzia Markoak eta haren Liburu osagarriak hizkuntza-irakasleen artean erdietsi duten ezagutzaren eta aplikazioaren inguruko inkesta baten berri eman zigun. Inkesta horretatik bi ondorio nagusi atera zituzten; batetik egiaztatu zuten hizkuntza-irakasleek bazutela Erreferentzia Markoaren eta Liburu Osagarriaren berri, ezagutzen zituztela, baina bestetik zailtasunak zituztela, edo baliabideak falta zituztela, horiek aplikatzeko orduan eta ikasgeletara ekartzeko orduan. Europako Kontseilua zailtasun horien jakitun eta, halaber, kezkaturik, proiektu berri bat abiarazi zuen, hizkuntza-irakasleei EEMBa eta LOa hizkuntzaren didaktikan aplikatzeko baliabideak eskaintzeari begira: Aligning Language Education with the CEFR: A Handbook (2022). Eta horrez gain iragarri zuen jardunaldi batzuk egingo direla Lutonen 2023ko irailean, gai hori gehiago sakontzeko eta eskuliburuaren nondik norakoen berri emateko.
Nick Savillek PISA 2025 Programaren berri eman zuen (PISA 2025 Foreign Language Assessment). Programa honen xedea da bigarren hizkuntza gisa ingelesa irakasten den herrialdeetako ikastetxeen artean galdetegi batzuk banatzea eta aztertzea zenbaterainoko hizkuntza-ezagutza bereganatu duten ikastetxe horietako 15 urteko nerabeek. Programa hori bideratzen hasi aurretik, dena den, hainbat gai landu eta zehaztu behar izan zituzten, eta horien guztien berri ere eman zuen Nickek: hizkuntza-azterketen diseinua —progresiboa eta moldagarria, maila guztietako ikasleen gaitasunaren arabera moldatuko dena—, aztertzaileentzako prestakuntza-saioak, erabiliko diren ebaluazio-irizpideak —Europako Erreferentzia Markoko eskala berak—, idazmen-proba programatik kanpo utzi beharra —baliabide- eta kudeaketa-arrazoiengatik—…