H410 - Aprender L2 en contextos formales

Argitaratua: Tuesday, 14 March 2017, 9:24 AM
Gabriel Diaz

Gabriel Diaz Maggliolik hitzaldi bat eman zuen gaztelaniaz 2016an HABEk EHUrekin batera antolatutako Ikastaroen barruan, "H410 - Aprender L2 en contextos formales" izenburupean. El profesor de segundas lenguas/ IX: Competencia metodologica para la enseñanza y el aprendizaje - Analisis de las principales tendencias metodologicas, enfoques y métodos contemporáneos ikastaroa eratu zuten EHUk eta HABEk. Donostiako XXXV. Uda Ikastaroen baitan, 2016ko uztailaren 4tik 8ra bitartean.

Bideo osoa entzungai eta ikusgai izateaz gain, bideoak euskaraz prestatutako honako idatzizko laburpen hau duzue, eta bertan, bideoko ideia nagusiak daude:

Competencia metodológica para la enseñanza y el aprendizaje ikastaroa. Miramar 2016

Denborak aurrera egin ahalean, bi jarrera nagusi egikaritu izan dira H2aren irakaskuntzan, pendulu baten antzera, mutur batetik bestera ibili izan direnak: ikuspegi esku-hartzailea (interbentzionista) eta ez esku-hartzailea. Ezaugarrietara etorrita:

Azken urteotan, ikuspegi esku-hartzailea nagusitu izan da hizkuntzen irakaskuntzan; besteak beste, ikas-irakasgaiak esplizituak direlako, ikas-materiala gardena eta erronka bideragarria delako prestakuntza handirik gabeko edozein irakaslerentzat. Alegia, oker handirik gabe, lan-proposamen transferigarria da curriculumaren zehaztapenean.

Baina Long-en hitzetan, la falta de consenso entre estas dos posiciones conflictivas es todavía fuerte en el ámbito de la enseñanza de las lenguas. Estas posiciones llevan importantes implicaciones respecto a temas como los relativos méritos de la enseñanza inductiva o deductiva; la necesidad o no de un sílabo gramatical; la utilidad de materiales simplificados

Horrexegatik, garrantzitsua da azaltzea bi jarrera horiek garapen metodologikoan nola eragin duten azaltzea.

Ikuspegi sintetikoak eta analitikoak hizkuntzen irakaskuntzan

Ikuspegi hauen arteko ezberdintasuna ikaslea objektutzat (sintetikoak) edota subjektutzat (analitikoak) hartzean datza.

Ikuspegi sintetikoek hizkuntza hartzen dute ardatz, eta unitate erabilerrazetan zatitzen: morfemak, monemak, funtzioak… Bereizketan erabiltzen diren irizpideak ere anitzak dira: balioa, maiztasuna, zailtasuna, adierazgarritasuna… Banan-banan aurkezten dira unitateak, eta syllabusean hizkuntz unitatearen kokalekuak adierazten du zein den irakas-maila, eta ez ikaslearen gaitasun-garapenak.

Ikuspegi analitikoetan, berriz, ikaslea ardatz bilakatzen da, eta hizkuntz erabilera errealen eraginpean murgiltzen da. Ikaslearen egiteko nagusia da inputa aztertzea eta horren gramatika-arauak eta erabilera-mailak ondorioztatzea. Sintetikoetan, hizkuntza ikas-helburu bilakatzen da; analitikoetan, aldiz, bitarteko.

Ikuspegi hauei egiten zaizkien kritikak:

Horrenbestez, bi ikuspegiek pisuzko mugak dituztela dio Diaz Maggiolik emanaldian. Baina, orduan, nola jokatu behar da?

Hirugarren bidea

Lantolf-entzat, gizarte-eremuetako elkarrekintza jarraituaren bidez hasten da H2aren ikasketa, eta komunikazio-gaitasun handiagoko kideekin aritzeak ahalbidetuko du ikasleak hizkuntza bereganatzea, komunikazio-prozesuetan murgiltzeak.

Planteamendu horren arabera, H2aren ikaskuntza bideratzeko ikuspegi analitikoaren ildotik, fokua forman jarrita arituko da irakaslea testuinguru formaletan. Eta, horretarako, hamar dira Rod Ellis-ek osatzen dituen premisak:

  1. Irakaskuntzak bermatu behar du ikasleak esamolde-sorta zabala izatea (txankak) eta gramatika-arauetan oinarritutako gaitasuna garatzea.
  2. Irakaskuntzak bermatu behar du ikasleak arreta esanahian ardaztea.
  3. Irakaskuntzak bermatu behar du ikasleak arreta forman ere jartzea.
  4. Irakaskuntzaren joera nagusia izango da H2aren ezagutza inplizitua garatzea; betiere, ezagutza esplizitua baztertu gabe.
  5. Behar-beharrezkoa da irakaskuntzak ikaslearen syllabus inplizitua kontuan hartzea.
  6. Ikasgelaren testuinguruan, ikasprozesu arrakastatsuak input zabala eskatuko du H2a norbereganatzean.
  7. Ikasgelaren testuinguruan, ikasprozesu arrakastatsuak ekoizpen-aukerak ere izatea eskatuko du.
  8. Ezinbestekoa da elkarrekintza H2an, gaitasuna garatzeko.
  9. Irakaskuntzak kontuan izan behar ditu ikasleen arteko ezberdintasunak.
  10. Ikasleen gaitasuna ebaluatzean, garrantzitsua da ikasleen ekoizpen librea eta kontrolatua kontuan izatea.

HABE liburutegian

Show comments
  • Hasier Agirre Aranburu - Wed, 15 Mar 2017, 1:17 PM
    “Virtute in medium est”, ekarri dit gogora argitalpenak.

    Esanahiari edo formari begirako hautua egiteko, edota, biak proportzio ezberdinetan konbinatzeko, alderdi edo faktore asko daudela iruditzen zait.
    1- Zein da hizkuntza hori ikasteko helburua? (Erabiltzea, ulermen-maila on bat lortzea…) Gure kasuan, erabilera indartu eta hizketan jarri nahi ditugu ikasleak. Hortaz, esanahiari eta esanahiaren inguruko guztiari (testuingurua, komunikazio-egoerak, kultur erreferentziak, estrategiak…) berebiziko garrantzia eman behar.

    2- Nolakoa da ikaslearen profila? Ikaskuntza partekatzeko eta negoziatzeko kultura pedagogikorik badute? Pixkana-pixkana ikaskuntzaren protagonismoa hartzen joan behar dute. Iruditzen zait horixe dela, beharbada, aurrera begira daukagun erronkarik handienetakoa. Autonomia ez da gauetik goizera garatzen, baina hori da bidea.

    3- Maila: Hau aurreko puntuari oso lotuta dago. Azken lerrunean, irakaslearen rola gehiago iruditzen zait trebatzaile batena, irakasle batena baino. Jo dezagun C2ko ikasle batek zuzenbide penalari buruzko proiektua aurkezteko asmoa duela. Zuzenbideko diskurtsoa irakasleak baino hobeto mendera dezake, baina irakasleak aholku ederrak eman diezazkioke, batik bat, hizkuntza adierazpideei begirakoak (aditza aurrera ekartzearena, erlatibozko esaldi konplikatuetan nola jokatu, puntuazioaren garrantzia, hitz-elkarketaren baliabide agortezina…). Laburbilduz, azken maila horretan negoziazioak konstante bat behar lukeela; irakaslearen eta ikaslearen arteko negoziazio testual etengabe bat. Eta oso inportantea dena: irakasleak egokitu beharko luke ikaslearen espezialitatera, eta ez azken horrek testu generiko orokor batzuetara.

    4- Zer-non edota non-zer: HEOCak argi azaltzen duenez, ikasleak lan egin behar du gelatik kanpo; zentzuzkoa dirudi, nire ustez, esanahiari begirakoak ikasgelan lantzeak eta formari begirakoak etxerako uzteak. Irakasleak komunikazio-egoera errealetan, testuen bitartez, trebatuko luke ikaslea, eta azken horrek, bakar-lanean, osatu egingo luke alderdi nolabait gramatikalagoa.

    5- H1en eragina “bigarren hizkuntzan”: Hara hemen beste erronka ezin handiago bat! Ikasleak badaki irakasleak H1 hizkuntza berak bezain ondo dakiela, eta badaki, halaber, ikaskideekin ere beste hainbeste gertatzen dela. Kalea ere, zenbait ingurunetan, zeharo erdalduna da.

    Nola hautsi inertzia hori? Niri, oraingoz, hauxe bakarrik otutzen zait: politikoki zuzena da, egun, euskaraz hitz egitea, eta administrazioa behartuta dago herritarrak euskaraz artatzera. Maila baxuenetatik hasita, arreta berezia eskaini dakieke ekintza komunikatibo transakzionalei; alegia, hizkuntzarekin gauza jakinak lortzeko baliatzen ditugun (autobuseko txoferrari esan beharrekoa, osakidetzako harreragilearekin izango dugun berbaldia, saltzaileari zerbait erosterakoan izango duguna…). Interakzio sozialeko ekintzak zailagoak dira gauzatzen lagunartea erdalduna bada, familia erdalduna bada, eta abar, baina ikasleak ekintza transakzionaletan berariaz trebatuko bagenitu, bi gauza lortuko genituzke:

    a) Ekintza horiek euskaraz gauzatzeko konfiantza osoa hartzea (motibazioa), eta, ondorioz, herririk erdaldunenetan ere, nahiz maila formalagoan izan, euskararen presentzia areagotzea.
    b) Nolako eskaria, halako eskaintza: aurreko puntuak eragina izango luke, ezbairik gabe, ekintza horien enuntziatarioan ere.

    Zaila da euskara uharte txiki bat den lekuetarako aholkuak ematea, baina ikasleak ekintza komunikatibo praktiko eta errealetan trebatzeak irekitzen du esperantzarako tarte bat.
  • Hasier Agirre Aranburu - Wed, 15 Mar 2017, 1:28 PM
    Barka! Interakzio sozialeko ekintzak eta transakzionalak nahasi egin ditut. Ekintza erreal praktikoetan oinarritzen direnak aipatu nahi nituen, eta ez ideien mundutik gertuago daudenak.