INPUTetik OUTPUTera

Argitaratua: Monday, 17 December 2007, 1:20 PM
Itzulpen Saila 49

Zelan eskuratzen da beste hizkuntza bat? Hau galdetuko bagenio kaletik doan pertsona bati segurutik honelako erantzun sinple bat emango luke: "hizkuntza hori praktikatuz” edo "beste herrialde batera bizitzera joanda”. Baina bigarren hizkuntzaren eskurapena ikertzen dutenek ikusi dute beste hizkuntza bat ikastea lekutan dagoela gauza sinplea izatetik. Ikertzaile gehienek esango lukete bigarren hizkuntzaren eskurapena kontu konplexua eta alde askotakoa dela, eta eragile ugari eta zailegien menpe dagoela esaldi bat edo birekin azaltzeko. Eta 1970eko hamarkadaren hasieratik hona egindako ikerketek frogatu dutenez, bigarren hizkuntzaren eskurapena ez da inolaz ere kontu sinplea.

Liburu honetan Bill VanPatten-ek bigarren hizkuntzaren eskurapenaz egindako ikerketak laburbiltzen ditu, eta, inportanteagoa dena, haren funtsa azaltzen du adituak ez direnentzat. Hainbat mito ezereztatuz, VanPatten-ek hizkuntzalaritza, psikologia eta psikolinguistikako kontzeptuak aurkezten ditu modu ez teknikoan. Esaterako, bereizten du hizkuntza trebetasuna den aldetik (eta zelan garatu behar den trebetasun bat) eta hizkuntza barne gaitasuna den aldetik (eta zelan eskuratzen den gaitasuna). Era berean, bereizten ditu ikasleek euren ingurunetik datu linguistikoak eskuratzeko prozesuak, alde batetik, datuok azpiko sistema batean txertatzeko prozesuak, bestetik, eta berbaldiaren prozesamendua eta trebetasuna azaleratu eta garatzeko prozesuak, bestetik.

Azken aurreko atalean, VanPatten bere ikertzaile, hizlari, lantegiantolatzaile eta irakasle-esperientziaz baliatzen da irakasleek egin ohi dituzten galderei heltzeko. Laburbilduz, bigarren hizkuntzaren eskurapenaren ikerketa eta teoriari konplexutasuna eranzten dio agerian uzteko irakasle eta kudeatzaileek beste hizkuntza bat ikastearen inguruan ezagutu beharko lituzketen oinarrizko zenbait kontzeptu, batez ere curriculumei buruzko erabakiak hartu behar badituzte, edota curriculumek ustez eduki beharreko emaitzak ebaluatu behar badituzte.

Liburua irakurterraza da irakasle, kudeatzaile, ikasle eta are arlokoak ez diren pertsonentzat, hots, bigarren hizkuntzak zelan eskuratzen diren jakin gura duen edonorentzat. Adituak ez direnei teoria eta ikerketa eskuragarri jartzeko konpromisoa dauka hartuta VanPatten-ek aspalditik, eta liburu hau horren froga da. Era berean, erakusten du VanPatten-en trebezia teoria eta praktikaren artean mugitzeko, ikerketaren emaitzetatik jauzi eginez emaitza horiek ikasgelarako dauzkaten ondorio eta aplikazioetara. VanPatten oso ezaguna da inputaren prozesamenduaz eta horrek hizkuntz irakaskuntzarako dauzkan ondorioez egindako lan zorrotzagatik, baina oraingoan pauso bat aurrerago doa eta liburu bakarrean bigarren hizkuntz irakaskuntzaren ikerketaren ildo desberdinak laburbiltzen ditu, azkenean ikuspegi osoa eskaintzeko.

Liburuak garbi uzten du zergatik jaso dituen VanPatten-ek hainbeste sari eta goraipamen bere irakasle- ibilbidean: interes gartsua dauka bigarren hizkuntzaren gaineko ikerketez, abildadea du konturatzeko zein konstruktu edo ideia definitu edo azaldu behar dituen, trebezia dauka bultzatzeko irakurlea konstruktu jakin batzuk gogoan izatera irakurtzen jarraitzen duen bitartean, testua umorez zipriztintzen du han eta hemen... Horiek guztiek esaten digute zergatik eman zaien horrenbesteko arreta VanPatten-en irakaspenei.

Sarritan idatzi izan ditut lanak Bill VanPatten-ekin batera, eta horrek aparteko ikuspegia ematen dit esateko liburu hau haren lanik onenetako bat dela. Gogoan daukat liburuaren proposamena eta lagina aurkeztu zituenean, ebaluatzaileetako batek idatzi zuen iruzkina: "Liburua prest balego datorren ikasturterako, segituan hartuko nuke neure metodologia-ikastarorako”. Hizkuntza-departamenduetan lan egiten dugunok liburu honen inguruan eraiki genezake Hizkuntzalaritza Aplikatuari eskaintzeko daukaguna.

James F. Lee

HABEren liburutegian