Hiztegia lantzen (Morgan, J.; Rinvolucri, M.)

Argitaratua: Wednesday, 25 October 1989, 11:25 AM
Itzulpen Saila 23

Harritzekoa da ikustea zein garrantzi gutxi eman zaion hiztegiari hizkuntza modernoen irakaskuntzan. Bai eredu jokaerazko/estrukturalak eta bai eredu funtzional/ komunikatiboak, zeinek bere erara, gaizki tratatu izan dute.

Alabaina, atzerriko hizkuntzako irakasle orok ondotxo dakien bezala, hitzak funtsezkoak dira, eta horien faltak segurtasunik eza dakar. «Hitzak erabili behar ditut», poetak dioen bezala.

Beraz, nola norbereganatu hitzak? Liburu honek ikasleen hiztegia zabaltzeko zenbait bide iradokitzen ditu. Egileek hiztegia norbereganatzeko moduaz duten intuizio-multzo ahaltsuan oinarritu dute beren lana. Segidan doan bezala laburbil litezke. Hiztegia norbereganatzea honako hau da:

  • Ez da prozesu lineala, adar asko dituena baizik. Hitzak ez dira ikasten mekanikoki esanahia duten paketetxoak bezala, elkarketaz baizik.
  • Beraz, ez da prozesu inpertsonala, oso pertsonala baino. Hitz batek harrotzen dituen elkarketak eta bibrazioak geure iraganean eta orainean izandako esperientziaren mende daude.
  • Ez da bakarkako prozesua, soziala baizik. Hitzen esanahiak geureganatzea besteekin trukatuz eta banatuz hedatzen dugu.
  • Ez da prozesu intelektual eta saiatua bakarrik, baita esperientziaz eta arituaren poderioz burutzen den prozesua ere. Ikuspegi intelektualegiak hizkuntza objektu bezala ikustea dakar, subjektuaganatu -ikasleaganatu beharrekoa baino.

Egileek, aurretik ere bai baitzuten hizkuntza ikasteko material berritzaileak sortzearen fama, ikuspegiok erabili dituzte teknika praktikoen multzoa ekoizteko, hala irakasleentzat nola irakasle-trebatzaileentzat balio lezakeena. 

HABEren liburutegian

Beste eduki interesgarriak

Itzulpen Saila 39

Hiztegia hizkuntza arrotzen ikaskuntzan (Paul Bogaards)

Liburu honen helburua da hizkuntza arrotzen ikaskuntzan hiztegiak duen lekuaz gogoetak egitea. Izan ere, gai hori luzaroan zalantzarik gabeko eta bistakoa (bistakoa zelako zalantzarik gabeko) izan bada ere, berriro aztertu beharrekoa da. Joanak dira, hizkuntzalaritzan, “hitz bat hitz bat besterik ez da” xalo-xalo esan zitekeen garaiak, eta hizkuntza ez da jada egitura sintaktiko edo fonologiko huts bat. Garai hartan, hizkuntza arrotzen didaktikan, hitza bigarren mailaratua zegoen; irakasle-ikasleak konturatu dira, ordea, berriro ere, hizkuntzaz benetan baliatzeko, hiztegi-ezagutza zabalak behar direla.
HITZ POLITAK/PALABRAS BONITAS

Hitz politak/ Palabras bonitas (Rueda, S.)

"Hitz politak/ Palabras bonitas" liburu elebidunean euskarazko 116 hitz biltzen dira, eta, hitz bakoitza marrazki banarekin osatzen da. Alde batetik, sentiberatasunez, poesiaz edo iradokizunez betetako terminoak aukeratu dira. Bestalde, onomatopeiak eta hitzen edo hitz bitxien jokoak. Bidaia-koadernoa ere bada, eta denoi eragiten diguten bizitzako uneei irudiak eta hitzak jarri dizkie egileak (oinaze, dolu, galera, indarberritze edo etorkizunari begirada).