Argitalpenak
Hiztegia hizkuntza arrotzen ikaskuntzan
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizpide / Zutabe zenbakia:
- 39

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizpide / Zutabe zenbakia:
- 39
- Bisitak: 938
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Liburu honen helburua da hizkuntza arrotzen ikaskuntzan hiztegiak duen lekuaz gogoetak egitea. Izan ere, gai hori luzaroan zalantzarik gabeko eta bistakoa (bistakoa zelako zalantzarik gabeko) izan bada ere, berriro aztertu beharrekoa da. Joanak dira, hizkuntzalaritzan, "hitz bat hitz bat besterik ez da” xalo-xalo esan zitekeen garaiak, eta hizkuntza ez da jada egitura sintaktiko edo fonologiko huts bat. Garai hartan, hizkuntza arrotzen didaktikan, hitza bigarren mailaratua zegoen; irakasle-ikasleak konturatu dira, ordea, berriro ere, hizkuntzaz benetan baliatzeko, hiztegi-ezagutza zabalak behar direla.
R. Galisson-ek (1991: 5 orr.), irakaskuntzako metodoek hiztegiari eman izan dioten garrantziaz ariki, bi aro bereizten ditu: behi gizenena eta behi argalena. Behi gizenena da, lehenbizi, tradizional izeneko metodoen aro luzea, literatur testuak ikasleen eskuetan jartzea baitzen orduan helburua eta, ondorioz, hiztegi oparoa jartzen baitzen ikasleen irispidean; beste unea bat ere izan zen aro haren barruan, askoz motzagoa hau, garrantzia ikaslearen produkzioari ematen zitzaionekoa eta, beraz, hiztegiaren ekarpena behar-beharrezko apurra besterik ez zenekoa; hala ere, goi samarrean ibili ziren arlo honetan. Horixe da, behintzat, Galisson-ek frantsesa hizkuntza arrotz gisa irakasteko eskuliburu, 1954aren inguruan azaldutakoei, egin zien ikerketetan bistaratutakoa: data hori baino lehenagotik, batez beste ikasgai bakoitzean azaltzen ziren hitz berri "bete-betekoak” (izen, adjektibo, aditz eta adizlagun) 28 baldin baziren, gero 16ra gutxitu zirela.
Data horren ondoren, orduan sartu baitzen garaile frantsesa bigarren hizkuntza gisa (H2 hemendik aurrera) irakastean oinarrizko frantses famatua, ikusentzunezko metodoek gero eta gehiago kenduko zituzten beren ikasgaietatik hiztegia aberasteko aukerak oro. Hizkuntz laborategi eta ariketa estrukturalen garaiak ziren: ikasleak oinarrizko mekanismoak ikasi behar ditu lehendabizi eta hori, halaxe zen orduko ustea, hobeto egingo du hiztegi urriarekin. Halaxe dio R. Galisson-ek:
"Oinarrizko frantsesa moldatzeko lan guztiak gauza baterako balio izan du batik bat: metodoetan hiztegiari balioa kentzeko, eta metodoetan hiztegia pobretzea izan du ondorio (...) oinarrizko frantsesak, ustegabean, hiztegiaren ehorzlearena egin du hizkuntzen pedagogian.”