Erroreen analisia, HABEren 2. mailaren azterketetan

Argitaratua: Monday, 2 June 2014, 10:05 AM
hizpide 84

Lan honen helburua da euskara-ikasleek euskara-probetan egin dituzten erroreen analisia egitea, HABEren egiaztatze-deialdietako 2. mailaren idazmen- eta mintzamen-probak oinarri hartuta; alegia, gai eta ez gai direnen gaitasun-profilen arteko bereizgarriak kualitatiboki nahiz kuantitatiboki zehaztea.
Horretarako, deialdi jakin bateko idazlanak eta ahozko grabaketak baliatu ditugu. Ikerketa egiteko jarraitutako pausoak hurrengo hauek izan dira: transkribatu, erroreak identifikatu eta erroreen analisia egin. Hainbat tresna erabili dira horretarako. Alde batetik, analisi kualitatiborako Atlas.ti eta Monoconcprograma informatikoak, eta Type Token Ratio formula. Analisi kuantitatiborako, aldiz, Monoconceta SPSSizenekoak. Lortutako emaitzak oso argiak izan dira. Espero izatekoa zenez, puntuazio baxuetan topatu da errorerik gehien. Ondorioztatu da ikasle guztiek antzeko erroreak egiten dituztela edozein delarik egiaztatze-probetan lortutako puntuazioa eta, antzeko errore-motak egin diren arren, maiztasunean dagoela ezberdintasuna. Bestetik, gehiago izan dira errore gramatikalak diskurtsiboak baino. Amaiera gisa, euskaltegietako eskoletarako proposamen batzuk egiten dira; izan ere, aintzat hartzekoa izango da ikasprozesuetan ekoizpen- gabeziei erreparatzea.