Hantabirusaren agerraldia: zenbait idazkera-ohar eta ahoskera
Hantabirus izenaren lehen zatia Hantan ibaitik dator, Hego Koreako ibai batetik, hain zuzen ere. Han atzeman ziren infekzioaren lehen kasuak, Koreako gerran (izendapenaren atal generikoa letra txikiz). Taxonomiari dagokionez, taxonaren izen osoa, International Committee on Taxonomy of Viruses erakundearen arabera, hau da: Orthohantavirus hantanense.
Nola idatzi?
Hantabirus izen arrunta denez, letra xehez idatzi behar da, eta etzanik gabe. Halaber, hantabirusaren agerraldia gertatu den itsasontziaren izena —MV Hondius— letra etzanez idatzi behar da, Euskaltzaindiaren 198. arauak argitzen duen bezala. Bestetik, hantabirusak kutsatutako bidaiariak Kanaria uharteetara (ez ugarteetara) doaz edo Kanarietara (Euskaltzaindiaren 70. Araua), ez Kanariar irletara*. Zenbait pasaiari (tren, hegazkin, itsasontzi edo kideko ibilgailu batean bidaiatzen duen bidaztia izendatzeko onartua), ordea, Britainiar uharteetara eraman dituzte. Gurutzaontziak Ozeano Atlantikoan (osagai generikoa eta espezifikoa letra larriz) nabigatu du, eta Cavo Verdetik abiatu da Kanarietara.
Ahoskera
Hantabirusaren ahoskerari dagokionez, euskara batuan ez dirudi gaztelaniaren azentu-ereduari jarraitu behar zaionik; beraz ez litzateke indarra jarri behar azken-aurreko silaban (hantabírus moduan); batuan hanka-luze ahoskatzen den moduan ahoskatzea litzateke jatorrena. Zubereraz hasperena hasieran eduki lezake eta paroxitonoa egitea ez da erdarakada alde horretan.
Gomendioa: Aurten Pasaiako Itsas Festibala da, maitzaren 14tik 15ra. Aukera bikaina itsasontziak bisitatzeko: Mater, Aita Mari, San Juan ,La Recouvrance eta abar, eta abar.
Gaixotasunen izenen idazkerari buruzko informazio gehiago: Gaixotasunen idazketa