Gaixotasunen idazketa

Argitaratua: Tuesday, 10 March 2020, 1:30 PM
Iñaki Villoslada

Gaixotasunak letra txikiz eta kurtsibarik erabili gabe idatzi ohi dira (kolore-itsutasuna -daltonismoa edo diskromatopsia-, antrakosilikosia, otitisa, eta abar eta abar), izen berezi bat biltzen dutenak izan ezik; izan ere, honelako eta halako pertsonaiaren eta tokiaren izenarekin (eponimoak) bataiatutako sindrome, gaixotasun edo birusen kasuan letra larria (beti) eta deklinabide-atzizkia (askotan) erabiltzen dira: Tolosa-Hunt sindromea, Downen sindromea, esate baterako.

Horietako batzuk lexikalizatu dira (parkinsona, alzheimerra, ebola, hiesa). Eta bi idazkerak onartzen dituzte: gaixotasun horien izen osoa erabili nahi izanez gero letra larriz, eta lexikalizatua txikiz: Ebola birusaren gaixotasuna, Parkinsonen gaixotasuna, Alzheimer-en gaixotasuna, baina parkinsona, alzheimerra...

Ebolarekin bukatuz, ahoskerari dagokionez, ez dirudi gaztelaniari jarraitu behar zaionik inola ere euskaraz, beraz ez litzateke indarra jarri behar lehenengo silaban (frantsesez azken silaban jartzen da eta ingelesez bigarrenean). Hortaz euskaraz Pagola ahoskatzen dugun moduan ahoskatu beharko genuke Ebola.

Kasu batzuetan idazkerarekin arazoak sortu dira, bereziki, medikuntzako hitz asko, gaixotasunak barne, grekeraren bidez sorturikoak direlako eta hitz horiek euskarara egokitzeko orduan beti ez da aplikatu Uztaritzeko adierazpena. Diabetes hitza da eredugarria alde horretatik: diabetes idatzi behar da, Hiztegi Batuan horrela dakarrelako (nahiz eta Zehazkik diabete ekarri). Berez euskaraz etimologikoki diabetea behar zuen, frantsesez eta italianoz bezala, grekotik hartutako hitzek latinean zuten s-a galtzen dutelako, -itis bukerakoak eta mono eta bisilabikoak izan ezik. Euskararen arauan, diabetes salbuepentzat hartzen da, izan ere gaztelaniatik hartu dugu hitza Hegoaldean, gaztelaniaz berarekin daraman okerra ere maileguan hartuta. Baina diabetes ez da bakarra salbuespen gehiago daude. Arauaren araberakoak dira: artrosi, asepsia, arteriosklerosi, analisi, dialisi, klitori, hipofisi, psikosi, sifili, tuberkulosi… Baita ere: artritis, flebitis, meningitis, mukositis, iris, herpes… Eta salbuespenak dira: tetanos...

Bestetik eta bukatzeko, koronabirusa, egun bateko lorea denez, alde batera utziko dugu…

Show comments