Hizkuntz kontuak

Soziatiboa (-ekin) ala instrumentala (-z)?

Soziatiboa (-ekin) ala instrumentala (-z)?

by Mikel Hoyos -
Number of replies: 1

Askok maiz zalantza egiten dugu -EKIN (soziatiboa) ala -Z (instrumentala) erabili behar dugun zenbait aditzekin, eta batzuetan gehiegizko autozuzenketak ere egin izan ditugu, ustezko erabilera oker batek bultzatuta.

Esan beharra dago -EKIN soziatiboaren erabilera ez dela “konpainia” adieraztera mugatzen; Euskal Gramatikak dioen moduan, osagarri ere izan daiteke hainbatetan, eta instrumentalaren ordain gisa ere erabiltzen da halakoetan, esate baterako ahaztu, gogoratu, pentsatu, kezkatu, maitemindu, fidatu eta gisa bereko beste zenbait aditzekin zuzena da soziatiboa erabiltzea eta tradizioan aski erabilia izan da gainera (Ez naiz horrekin gogoratzen; Gau osoa zurekin pentsatzen pasatu dut). Jakina, instrumentala ere erabil daiteke adibide horietan.

Badira instrumentalaren adieratik hurbilago dauden beste kasu batzuk, eta hortxe pizten zaizkigu zalantzak: igitaiarekin ala igitaiaz akabatu zuen sugea? mailuarekin ala mailuaz jo dut buruan? eskuarekin ala eskuaz ukitu du baloia? Bada, horrelakoetan bai soziatiboa eta bai instrumentala dira zuzenak, eta instrumentala erabiliz gero, bai mugatua (mailuaz) eta bai mugagabea (mailuz) ere.

Halere, soziatiboa eskatzen duten kasu batzuk zuzendu eta instrumentalarekin ordezkatu izan ditugu. Adibidez: *Zeure gelakideak oroigarri eskaini dizun poemaz itxiko duzu Antologia; *Adi lainoaz!; *Kontuz trenaz!. Adibide hauetan forma egokia soziatiboa da. Seguruenik, bizkaieraz jatorriz soziatiboa dena (singularrean -a(ga)z = -arekin) instrumentaltzat (singularrean -az) hartu izanak -z are gehiago erabiltzera bultzatuko zuen.

Esan beharra dago, halaber, instrumental mugagabean doazen egiturak mugatura aldatzen direnean inesiboa hartzen dutela. Esaterako:

  • Trenez joan naiz Donostiara. Baina: Zazpietako trenean joan naiz Donostiara (*zazpietako trenez).
  • Erromara autoz joango da. Baina: Erromara bere autoan joango da (*bere autoz).
  • Euskaraz ari dira. Baina: Euskara batuan ari dira (*euskara batuz).

Azken finean, aditz bakoitza osagai jakinekin ageri da eta, zalantza denean, Euskaltzaindiaren Hiztegiko adiera eta adibideetara jotzea da onena.

  • Ibili aditza, izen konkretuekin: Etxera joan dira ordenagailuarekin ibiltzera. Ez ibili aiztoekin. Baina, aldiz, izen abstraktuekin: Tentuz ibili; Gosez dabil.
  • Joan aditza, abiaduraren kasuan: 3 km/s-ko abiadurarekin/abiaduran doa (*abiaduraz).
  • Lotu aditza: hobe da katez lotu dira erabiltzea kateekin lotu baino.

 

Soziatiboaren erabilera desegokiak:

Bestalde, erdararen interferentziak eragindako erabilera desegoki batzuk hedatu dira azkenaldian:

  • Amaitu.       Oker: *Gai honekin bukatzeko; *Arrazakeriarekin amaitu behar da…

                        Hobe: Gai hau bukatzeko; Arrazakeria baztertu behar da.

  • Aurkitu.      Oker: *Askotan, talde heterogeneoekin aurkitzen gara gelan.

                        Hobe: Askotan talde heterogeneoak aurkitzen/topatzen ditugu gelan.

  • Asmatu.      Oker: *Ez dakit nola asmatzen duzun gonbidatuaren gustuarekin.

                        Hobe: Ez dakit nola asmatzen duzun gonbidatuaren gustua.

  • Jarraitu.      Oker: *Lanarekin jarraitu du serio-serio.

                        Hobe: Lanean jarraitu du serio-serio.

  • Hautsi.        Oker: *Topikoekin hautsi beharra dago.

                        Hobe: Topikoak hautsi beharra dago.



Informazio osagarria:

In reply to Mikel Hoyos

Er: Soziatiboa (-ekin) ala instrumentala (-z)?

by Iñaki Villoslada -
Mikelek emandako kalko oker guztiez gain, adibide gehiago nahi dituenak Juan Garzia Garmendiak idatzitako Kalko okerrak materialeko 46-48 or.ak kontsulta ditzake hemen: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eima_estilo_liburu/eu_def/adjuntos/kalko_okerrak.pdf

Esate baterako, hauek eta gehiago:
Instrumental pluralaren zein singularraren erabilera okerrak.
Mugagabe absolutu hori (zenbatzailerik-edo gabea) onartzen duen (eta hartarakoxe joera ere baduen) zerez/zertaz kasu berezian dabilen plural mugatuen abusu nabarmena, alde batetik:
  • *harri txikiez inguratua > harri txikiz inguratua
  • *Hanka-arrasto berriez (> berriz) beterik dago bide guztia.
  • *Pixkanaka gela guztiak arbel elektronikoez (> elektronikoz) hornitzen joateko aukera dago (...)