Xehetasun asko aipatzen dira laburduren eta siglen gaineko Euskaltzaindiaren 196. arauan, Euskara Batuaren Ortotipografiari buruzkoan. Besteren artean, laburdurek kasu-markak nola hartzen dituzten. Puntu jakin horren barruan, beheko azpipuntu honi erreparatuko diogu gaurkoan. Honela dio Euskaltzaindiak aipatu arauaren 17.2 puntuan, 36. or.an:
Laburdurak ez du existentziarik ahozko hizkuntzan, murriztapen grafikoa baino ez da, eta ahozko hizkuntzan osorik berreraikitzen da laburduraren jatorrian dagoen hitz edo unitate konplexua. Hori hartu behar da kontuan kasu-marka ezartzeko orduan. Hau da, ez da kontuan hartu behar laburduraren azken letra bokala edo kontsonantea den, baizik eta laburtu gabeko hitza- edo hitz-multzoa bokalez edo kontsonantez bukatua den.
Esate baterako, mende hitzaren laburdura (m.) kontsonantez amaitzen da baina hitza, bere osoan, bokalez. Bada, honela behar luke laburdura horrek kasu-markaren bat hartzean:
- Krausismoa: F. Krauseren pentsamenduan oinarrituz, XIX. m.aren bigarren erdian garatu zen korronte filosofikoa, idealismo alemaniarra eta moral kristaua uztartu zituena. (http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=krausismo).
Aldiz, mai. laburdura edukiagatik maiatz hitza kontsonantez amaitzen denez gero, honela eman behar da:
- 1945eko mai.eko… (Euskara Batuaren Ortotipografia, 36. or.).
Informazio osagarria:
Euskaltzaindiaren 196. araua: Laburtzapenak: laburdurak eta siglak: https://labur.eus/oqPO9