Euskaltzaindiaren letra-estiloei buruzko araua

Euskaltzaindiaren letra-estiloei buruzko araua

by Ainara Maya Urroz -
Number of replies: 1

Duela gutxi eman zen foro honetan berean Euskara Batuaren Ortotipografiaren (EBO) egitasmoaren lehen emaitzen berri, sinboloei eta laburtzapenei buruzko arau bana alegia.

Orain, letra-estiloei buruzko Euskaltzaindiaren 198. araua plazaratu da, letra-estiloei buruzkoa: https://labur.eus/ZfKZM.

Bertan, letra-tipo lehenetsia letra arrunta dela adierazten da eta zalantza eragin ohi duten kasu batzuk ere zerrendatzen dira, adibide ugariz osaturik:

  • (EGOKIA) 2014an, Kotte Ezenarro Hendaiako alkate izendatu zuten.
  • (DESEGOKIA) 2014an, Kotte Ezenarro Hendaiako alkate izendatu zuten.
Legeak, nazioarteko tratatuak, dekretuak, zuzentarauak, erregelamenduak eta gainerako xedapenak letra arruntez idazten dira.

Adibidez: Zigor Kodea, Europar Batasunaren Tratatua, Lurralde Historikoen Legea, Nafarroako Foru Orokorra, Merkataritzako Erregistroaren Erregelamendua,
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea.

OHARRA
Nolanahi ere, arau juridikoa oso luzea baldin bada eta horregatik elementu adierazgarri guztiak letra larriz hasita idazten ez badira, letra etzanez idatz litezke testu baten barnean aipatzean, araua non hasten den eta non bukatzen den argi zedarritzearren. Adibidez: Ez da ahaztu behar hor dagoela 14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, lehenago ere aipatua.

Azken adibide horretaz gain, bereziki eta zehatz-mehatz deskribatzen dira letra etzanaren beste erabilera-kasu ugari eta letra etzanez idazten diren hitzei kasu-marka jartzean nola jokatu behar den ere bai. Esate baterako, Letra etzanez idazten den hitza absolutiboan badago eta artikulua baldin badu, artikulua ere (-a) letra etzanez idazten da. 

Adibidea: Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da; 1991n egiten hasi eta 2015ean burutu zen Hiztegi Batua da haren oinarria.

Beste adibide bat ematearren, argitalpenen izenak (eleberriak, ipuinak, komikiak, poemak, tesiak...) letra etzanez eta larriz idazten dira; hala ere, obra nagusiarekin batera izendatzen direnean, obra nagusia letra etzanez idazten da, eta komatxo artean poema edo ipuina:

  • Zer da, zehazki, Euskaltzaindiaren Hiztegia?
  • Gabriel Arestiren «Nire aitaren etxea defendituko dut» poema ezaguna Harri eta Herri liburuan argitaratu zen lehen aldiz, 1964. urtean.
Salbuespena da liburu-bildumak letra arruntez idaztea: Bidegileak bildumako Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi». Gizon
polifazetikoa eta intelektual osoa
liburuxka.

Gainerako kasu guztiak eta salbuespenak kontsultatzeko, mezu honi erantsita dago arau osoa PDF formatuan.


In reply to Ainara Maya Urroz

Er: Euskaltzaindiaren letra-estiloei buruzko araua

by Ainara Maya Urroz -
Bide batez, esan behar da letra etzanez idazten den hitzari edo hitz-multzoari kasu-marka ezarri behar zaionean, bi aukera teoriko daudela: kasu-markari ere letra etzana ezartzea edo kasu-marka letra arruntez idaztea.

Araua ez, eta Euskaltzaindiak kasu-markak letra arruntez idaztea gomendatzen du, baina kontuan hartu behar da zer-nolakoa den letra etzanez dagoena. 

Ondorengo kasuetan kasu-marka ere letra etzanez idazten da:
  1. Lexiko arrunteko hitzak direnean eta enfasia emateko: Lanean aritzearen eta lanean egotearen arteko aldeaz ohartuko da noizbait
  2. Zuzen erabiltzen ez diren hitzak eta lagunartekoak adierazteko: Ama, handitzen naizenean, likoteroan ibiliko naiz airean
  3. Adiera bereziko hitza dela edo irudiko adieran erabilia dagoela adierazteko: Aita santua izateko finalisten artean egon zen.
  4. Mailegu irentsigabeak adierazteko,1980ko hamarkadan, contra izeneko paramilitarren aurka jardun zen Nikaraguan, baina contrek segada batean harrapatu eta hil egin zuten.