Ezaguna da, ezaguna denez, kontrako eztarritik (eztarrira) joan esapidea. Hona adibide pare bat, adiera hitzez hitzeko edo denotatiboan:
- Domingo Agirre eskola publikoan Dechoker gailua erosi dute. Gailuak janaria kontrako eztarrira joan, eta itotzeko dauden arriskuak ekiditeko balio du. (https://goierri.hitza.eus/2017/12/15/kontrako-eztarritik-joan-eta-itotzeko-arriskua-saihesteko-gailua-eskolan/).
- MIKEL.— Kontrako eztarritik joan zain. Izan ere, azkarregi edaten dun! (https://www.eitb.eus/eu/nahieran/goenkale/9-denboraldia-2002-2003/osoa/1871/40982/). (32:32-32:36 denbora-tartea).
Esapidearen ohikotik zertxobait aldenduta edo lokuzio bihurtuta, ordea, askoz ere modu metaforikoagoan edo konnotatiboagoan erabili zuen iaz Garbiñe Ubedak, Berrian. Hitzei gaiztotzen ez uztearen aldarri da hemen kontrako eztarrian utzi ez hori:
- Telefonora iritsi eta beldurrez irentsi dituzun mezuak kontrako eztarrian utzi baino, hobe zenuke euskaraz hitz batzuk ikasi», esan omen zion apopilo hartu duen andreari, «neronek irakatsiko nizuke pittin bat. (https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2023-05-05/amaginarrebaren-misioa.htm)
Idurizko adieran darabil Iñaki Segurola zenak ere Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo saio-lanean. Bide zuzenetik apartatutakoa edo bizitzaren iparra galdutakoa du ahotan beheko kontrako eztarrira eroritakoa izan horrek:
- Gaizki (edo ondoegi?) egindako jendea gara, okerreko bidera edo kontrako eztarrira eroritakoa. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo / Iñaki Segurola).
Eta bukatzeko, Goenkale telesail mitikoko ahozko adibide batera bueltatuta, hara nola darabilen Isaias negoziogizon kupidagabeak:
- ISAIAS.— Negozioak whiskya bezala dira... Ondo prestatu beharreko gorabeherak... Gogorrak eta garratzak izaten dira berez, baina izotzaz leundu eta hoztu beharrekoak... Bestela, kontrako eztarritik joaten dira. (https://www.eitb.eus/eu/nahieran/goenkale/7-denboraldia-2000-2001/osoa/6328/134617/) (29:01-29:31 denbora-tartea).