Sasoiko dago, oraindik ere, goiko esaera hori. Bilatzaileren batean zazpi ahalak egin lokuzioa idatzi, eta emaitza mordoa bistaratzen da. Bost ahalak egin idatziz gero, gutxixeago, baina dezente.
Egundoko, demaseko ahalegina egitea da zazpi edo bost ahalak egitea. Zazpia ugaritasuna da euskaraz, bosta bezala, nahiz beste zenbaki batzuk ere erabiltzen izan diren horretarako. Ikus dezagun, bada, lokuzio hori zenbait testuingurutan:
- Zazpi ahalak egin arren, ezin izan nuen autoa martxan jarri, eta estalpe aldera egin behar izan nuen, arlotea han ote zegoen esperantzarekin. (http://www.donostiaeuskaraz.eus/donostia/idazleak/liburuak/gehi/0017503.htm).
- Ez genuen amore emateko asmorik, ihes egiten saiatu ginen, zazpi ahalak egin genituen, baina, 1937ko urriaren 21ean, legionario eta tropa marokoarrek preso hartu gintuzten Mieresen. (https://www.berria.eus/paperekoa/1918/030/001/2021-05-19/xangai-eta-biok.htm).
- Garai batean, prozesioenak egiten ziren euria galdegiteko. Hau dena erraiteko, mundu honetan ura baitago biziaren iturria eta zazpi ahalak egin behar direla hunen zaintzekotan. (https://herria.eus/3657/herriz_herri/senpere).
- Saiatu zen atzera elkartzen, baina bost ahalak eginagatik, dardara nagusitu zitzaion, eta adaxkak itxaropenik gabe barreiatuta zeuden. (https://armiarma.eus/millabidai/LondonJSuaPiztu.htm).
- Orain gutxi arte ume-mokoen jolasa zena profesionalizatu egin da erabat. Bost-bosti, jokatu eta jokatu, nork nor azpiratuko bost ahalak eginez, sekulako joko-bilera jendetsuak egiten dira mundu osoan zehar: CLP, World Cybergames, Electronic Sports World Cup… Eta ez pentsa txantxa denik. (https://www.diariovasco.com/pg060613/prensa/noticias/Gipuzkoa/200606/13/DVA-GUI-420.html?ref=https%3A%2F%2Fwww.google.com%2F).
Erreferentzia bibliografikoa:
- Elhuyar Hiztegia / zazpi sarrera / zazpi ahalak egin azpisarrera.
- Labayru Hiztegia / zazpi ahalak egin.