Ederki ekarri du aurreko batean Andoni Egañak diskurtsora usadio handiko aldaro hitza. Hauxe da aldaro sarrerak Euskaltzaindiaren Hiztegian dituen bi definizioetako bat: Soineko, tunika eta kidekoetan, beheko ertzeko gorabehera:
- Hasten denean apaiza mezarako soinekoa ipintzen, eman iezaiozu gerrikoa albaren gainetik; albaren beheko ertzak ipiniko dizkiozu berdin eta aldarorik gabe, lurra baino behatz betez gorago. (Euskaltzaindiaren Hiztegia / aldaro sarrera).
Orain ikus dezagun, esan bezala, Egañak nola erabilia duen, konnotazio-adieran, balizko gai-zerrenda luze honetan:
- “Eolikoak bai ala ez, eta ze baldintzatan; gazteak eta lan prekarietatea; etxebizitza; turismo mota askotarikoak; Hezkuntza lege berria eta ondorioak; presoen egoera, egun; herriko alkate berria edo zaharra; Bidasoa hilobi; auto elektrikoak; hedabideen alderoa honako edo halako gaitan…”. (https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2023-07-06/gaiak.htm).
Aldaro sarrerak, ordea, badu lehen aurreratu baina azaldu ez dugun bigarren adiera bat: Balantza (oreka galtzeak dakarren mugimendua). Ikus ditzagun esanahi horrekin egungo diskurtsoan izan dituen zenbait erabilera. Adberbio gisa (aldaroka) erabiltzen da sarritan, azken hiru adibideetan ikus daitekeenez:
- Trenak aldaroak egiten zituen eta zenbaitetan argiak itzali egiten ziren (110. Street-eko geltokia, Iñaki Zabaleta (Elkar, 2003).
- Kotxea bat-batean aldaroka hasi eta gelditu egin zen azkenean; izan ere, emakumea gidatzen ari zela, hura astintzen eta kolpatzen hasi zen gizona (https://gedar.eus/aktualitatea/gardelegi-inguruan-emakume-bati-eraso-dio-bikotekideak-gidatzen-ari-zenean/).
- Auzoetan aldaroka dabilen jende insomnioduna dago odolezko naufragio batetik irten berritan bezala (https://susa-literatura.eus/liburuak/mkai4328).
- Tabernako sarreraraino aldaroka iritsirik, atalasean gelditu zen. (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / Patxi Zubizarreta (Alberdania-Elkar, 2006).
Bukatzeko, zuzentasun-kontu bat. Egañaren adibideko aldero sarrera ez, baizik eta aldaro ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegian; alderoka / aldaroka sarrerei dagokienez, agertu, biak ageri dira, baina bigarrena da lehenesten.
Erreferentzia bibliografikoa:
- Orotariko Euskal Hiztegia / aldaro sarrera.
- Euskaltzaindiaren Hiztegia / aldaroka sarrera.
- Orotariko Euskal Hiztegia / aldaro sarrera.
- Labayru Hiztegia / aldaro sarrera.