Goiko lokuzio hori gertakari oker edo makurren segida bati errematea emateko erabiltzen da. Azken urteotako testugintzan dezente erabili izan da, gainera.
Adibideen bitartez ikustea izango dugu onena, baina aldez aurretik ohar bat. Nola eta, aurreratu gisan, azak ontzeko/azen ontzeko lokuzioa aldrebeskerien katea bateko azken begia den, pasarte luzeak dira egokienak lokuzioak testuinguruan duen esanahiaz jabetzeko:
- Seguru xamar dirudi aurten ere neguko solstizioko ospakizunak ez direla ohikoak izango. Iturri lehorreko informazioek diotenez, Mari Domingi eta Olentzero ez ditugu mendian behera ikusiko. Olentzerok urruntze agindu bat daukan zurrumurrua zabaldu da, Mari Domingik tokia ken diezaiokeela-eta erreakzio testosteronatar bat izanda, baina egiaztatu gabe dago, frogak falta. Bestalde, eztabaida ere badute, Olentzerok musukorik ez duela jantziko, ez delako bere mutur gorri ospetsua ikusiko, eta Mari Domingik janzteko diotso, berari bost gaixotzen bada baina jendearekin egotekoa dela, eta erne ibiltzeko, Gotzone Sagarduik harrapatuz gero jai daukatela, oposizioetara aurkeztu ere ezingo direla egin, eta, autonomoak izanik, langabezia-saririk ere ez dutela. Azak ontzeko, duela ez asko elkarretaratzea egin zuten Olentzeroren txabola aurrean, ea kapoiekin zer demontretan zebilen, garai bateko praktika biotorturatzaile horiek... (https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2021-12-22/solstizio-urardotua.htm).
- Zaharrena aspalditxo banandu zen, gure suhi malapartatu hura drogaz eta alkoholez lepo baitzebilen, agidanean. Bi ume koxkor utzi zizkion gure alaba koitaduari. Gazteena oraindik ez zaigu etxetik atera; gainera, banandu batekin ezkondu eta gurera ekarria du bizi izatera. Andre honek lanpostu oso ona zuen lehenago, baina gurean dagoenez geroztik, ez du kolpe zorririk jotzen. Bi alabatxo dituzte (bi perlatxo, egia esan), neure teilapean neuk mantenduak. Eta aurten bertan, krisia dela-eta, hau miseria gorria gurea!, ia oporrik gabe geratu ginen: ezinean ez da erraza, nahi duena ez da beti kapaza… Eta azak ontzeko, entzun ondo, hahor: gure seme-alabetako tartekoaren senarra istilutan dabil justiziarekin, gatazkan legediarekin… Miseriaren adarrak dauzkat hitz egin beharrak (http://bilgunea.blogetan.eus/blogak/bai-horixe-bizargorri/miseriaren-adarrak).
- Ez dira haserretu, ordea, gaitzen ikerlariak soilik. Jaurlaritzak berak ere ezin izan dio eutsi. Ez hainbeste Garrido juezak epidemiologoen gainean botatakoagatik, ezpada hurrengo egunean Auzitegi Nagusian ostatuez hartutako erabakiagatik. Ez da posible medikuntzaz arrastorik ez duen epaile batek ordura arteko lan guztia botatzea komunzulora. Lagun zaharra da, gainera, Garrido. Aurrez zeukaten begitan gobernuko alderdiek Jaurlaritzak hartutako beste neurri batzuen kontra agertzeagatik. Eta azen ontzeko, Vox txaloka. (https://www.berria.eus/paperekoa/1939/024/002/2021-02-14/epailea-eta-hostopila.amp.html).
Informazio osagarria:
Orotariko Euskal Hiztegia / azen ontzeko.