Azken aspaldian iritzia edo ustea agertzeko hainbeste ugaritu den esaldi hasierako nago hori uste/iritzi horretan nago edo halako zerbaiten elipsia omen da. Azken batean, esaldi-amaieran ipintzen dugun -elakoan nago horretan ere isilduak daude, hitzez hitz, ustea edo iritzia.
- Eta nago bizitzan horrelako zerbait gertatzen zaigula maiz: okerreko tokian gaude, baina inori ez diogu esaten, badaezpada, lotsagarri geratuko garelakoan (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2790/okerreko-tokian/inprimatu).
- Gerora berreskuratzen dira, berriz ere, ohitura horiek, baina batzuetan badute kortesiazko formula kutsua eta, gainera, nago ez dugula behar bestetan eskerrik ematen edo ez diogula, behintzat, ariketa horri behar besteko garrantzirik ematen (https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gara/editions/2022-02-02/hemeroteca_articles/eskertzea).
Ikusten duzuenez, konpletiboa eskatzen du, eta abantailen artean du esaldi-hasierara ekar dezakegula, iritzi-ematea iragarriz.
Nork bere buruari galdetzeko ere erabili izan da tradizioan, Iparraldean. Neure buruari galdetzen diot ea… esapide edo formularen antzeko zerbait da:
- Nago hori ez ote den ama.
- Nago behin betikoz begi hauek nola ez ziren hetsi han.
Adibideetatik ageri denez, aldaera horretan ez du konpletiborik hartzen eta zehar-galderan eratzen da.
Bukatzeko, beste bi kontu. Batetik, nago iritzi- edo uste-emaile horren hurrenkera ez dela beti-beti finkoa:
- Badakiela nago deabruak adina.
Bestetik, berriz, ez dela lehen pertsona singularrera soilik mugatzen eta horren erakusgarri dela, nolabait, egun ere ahozko hizkeran inoren usteari edo iritziari kontra egiteko erabiltzen den moldea. Normalean, solaskideari aurka egiteko baliatzen da; bakarrizketan, ordea, baita norberak aurrez esandako zerbaiti aurre emateko ere. Badaki, noizik noiz, adizki trinko eran agertzen (ikus azken lagina):
- Zaude, zaude horretan, oiloari haginak noiz jaioko… (Otto Pette / Anjel Lertxundi).
- Lehenengoan hiru aurretik amezketarra, bigarrenean hiru aurretik leitzarra. Partida oso gogortua zegoen ordurako eta bazirudien leitzarrak neurria hartua ziola. Hago horretan! Orain amezketarra altxa da indarberritua, eta ez ditu bada bost tanto egin, zein baino zein ederragoak. (https://ataria.eus/amezketa/1480279214288-final-latza-eta-txapela-leitzara).
- Uste dut ez dela horrelako gaiak lantzeko hizkuntza egokiena baina beude horretan nahi badute. (https://mondraberri.eus/mondragoeko-toponimoen-etimologiak/).