Izenburu bihurtutako goiko esamolde horren pean argitaratu dituzte Berria egunkarian, azkenaldian, zenbait erreportaje-edo. Ez da kasualitatea edo debaldeko kontua. Goiko esamolde hori gaztelaniazko a ciencia cierta-ren euskarazko ordain jatorra da, nolabait esatearren.
Goazen adibide batzuen bitartez ikustera:
- Egiaz eta begiaz gutxi dakigu kontu honen gainean. (Labayru Hiztegia)
- Telebista-aparatuei —eta gainerako pantailei— begiratzea baino ez dago egiaz eta begiaz ikusteko zenbat kanal berri eta plataforma heldu diren, eta horietatik zenbat diren euskaraz. (https://www.zinea.eus/2017/02/14/urrea-hauts-bihurtzen/)
- Zeren, nahiz eta hiztun gehien zituen euskalkia izan, euskararen batasunaren izenean hainbestetan amore emanda, jendea bizkaiera alde batera uzten ohitzeko arriskuaz ohartarazi ziguten askok, besteak beste, aipatzen duzun Gotzon Garatek berak. Eta egiaz eta begiaz ikusi dugu hau 1968tik hona. (https://31eskutik.eizie.eus/2013/05/30/euskara-batua-iparraldetik-eta-ii/)
- Onuragarri ote luke bere gaia egiaz eta begiaz ezagutzea? ZaitPlat 152. (Orotariko Euskal Hiztegia)
Alderantzizkaturik ere erabiltzen da esamoldea, gutxiagotan bada ere; hau da, “begiaz” hitza aurretik duelarik baina adiera aldatzeke:
- Barnean errotuak ditugun beldur eta mesfidantzak gainditu eta aurrean dagoena entzun daitekeela, ondoan dagoena uler daitekeela esan digute, begiaz eta egiaz. (http://egiarizor.eus/eu/mikel-ibarguren-garan)
Erreferentzia bibliografikoa:
- Elhuyar Hiztegia / begiaz eta egiaz.
- Labayru Hiztegia / egiaz eta begiaz.
- Orotariko Euskal Hiztegia / egiaz eta begiaz.