Nork ez du entzun edo irakurri, noizbait, merke-zurrean esapidea?
- Urteak behar izan zituen, hala ere, bere lehen gitarra, Super Ozark elektriko zuria, eskuinez jotzeko egina, merke-zurrean eros ziezaioten.
Zurrean horrek (zur deklinatu gabea ere erabiltzen da adiera berarekin; nahi duenak jo beza Orotarikora) egun iduri duen baino erabilera zabalagoa izan du tradizioan eta du, neurri batean, egun ere. En busca de adiera du, zenbaitetan; eta a causa de / a fuer edo en modo de / en calidad de adierak, beste batzuetan.
Uste baino hitz gehiagorekin erabiltzen da. Areago, ez da adjektiboen ondotik soilik erabiltzen. Mugagabearen ondotik ageri da maiz, baina noren kasua aurretik duela ere agertzen da inoiz, beheko adibideren batean ikus daitekeenez:
- Labur-zurrean esanda, orain hogeita bost urte Euskararen Legea tresna genuela, dena zen eginkizun eta egiteko.
- Orain adierazten digu Erretoreak erabaki duela gai hori, Espainako Historia, bake-zurrean D. Bernardok eman dezan. (Krutwig-i omenaldia / Iker 10 / Euskaltzaindia).
- "Zeren surrean dabil ori? Zure sosen surrean (B)" Ib. (s.v. sur).
- Zabalgunde ixena dauken zertanetako bazterrak lur-zerga-zurrijan ordaindu biar daben sari betia. "Por el concepto de contribución territorial". (1918). ForuAB 109.
- Eskale-zurrian natorkizuen au. Ib. 113.
Merezi du Orotarikoan “zurrean” sarrerari begiratua ematea konturatzeko baliagarri gerta dakigukeela kasuan kasuko erabilera askotarako: broma-zurrean esan / bisita-zurrean etorri / adiskide-zurrean aholkatu…
Erreferentzia bibliografikoa:
- Orotariko Euskal Hiztegia / 2 zur sarrera.
- Euskaltzaindiaren Hiztegia / zurrean.