Oso ditugu esamolde politak, euskaraz, bareak heldu digula adierazteko; hots, gaztelaniazko tener limaco edo dar el flato euskaraz aditzera emateko. Izenburuko hori da usuen ageri ohi dena, eta, beraz bada, lehenbizi jorratuko duguna. Bareak heldu horrek, Egungo Testuen Corpusean berean ere hogeitaka agerraldi baititu, izan du jarraipenik tradiziotik egungo egunetaraino.
Euskaltzaindiaren Hiztegira jotzea nahikoa da, edota bai Elhuyar Hiztegira ere, bareak heldu hori nork-nori-nor eran jokatzen dela konturatzeko. Honatx, iturri horiez besteko adibide bi:
- Bareak heldu zidan eta, ondorioz, jaitsieran erritmoa moteldu behar izan nuen, baina gainerakoan ondo sentitu nintzen.
- Abantailak abantaila, apustua «gogorra» izan zela gaineratu du: «lasterka biziegi hasi nintzen, eta bareak heldu zidan. Gorriak ikusi nituen buelta emateko».
Euskaltzaindiaren Hiztegiak biltzen ditu bareak oratu eta bareak hozka egin ere. Bi-biak nork-nori-nor eran jokatuak, aurrekoaren legera. Oraturen kasuan, apenas dagoen adibiderik sarean, salbu-eta beheko sasi-adibide testuingururik gabeko hori. Bareak hozka egin-i dagokionez ere, hiztegietako adibideekin ase behar, testu errealetako laginik ezean:
- Bareak oratu deust.
- …aldapan behera gindoazela, bareak hozka egin zidan.
Bada, horratik, kolokazio dotore bareari lotutako gehiago, nahiz eman diegun zabalkundea eskasa izan. Barea goratu kolokazioa ageri da, esaterako, Juan Garmendiaren Hiztegi Etnografikoan, Hipokratesen antzera emandako aforismo edo maxima honetan:
- Saihetseko barea goratzen denean hiru harri jarri behar dira bata bestearen gainean eta hiru bira ematen dira hiru harrien inguruan.
Barea itzuli ere hortxe dago Orotarikoan, zoko-betegarri:
- Barea itzultzen denean, behiaren ongarri bero beroz enplastoa egin ta haren gainean ezartzen da. (BN-ciz). A EY IV 227.
Sarasolaren hiztegi berrian bareak heldu baino ez da ageri:
- Snaperen mahaitik hurbil geratu zen, bareak heldu ziolako esku bat saihetsean zuela eta hitz egiten saiatuz. (Iñaki Mendiguren «Harry Potter eta sorgin harria» - J.K. Rowling, 2000 - 235. orr.)
Esan beharrik ez barea jarri* eta bareak eman* ez direla zuzenak, eta badela non aukeratua haien ordean.
Informazio osagarria:
- Orotariko Euskal Hiztegia / 2 bare.
- Euskaltzaindiaren Hiztegia / bare2.
- Elhuyar Hiztegia / 2 bare.
-
Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)