Hemen nauzue berriz, belarra maiatzean baino sarriago

Asko zabaldu da, adibideak emateko, kasu* konektore okerra. Kasu baterako eta kasurako, bi horiek dira zuzenak, eta ez lehenengoa.
Gogoan izan kasu* soilik idaztea esate idaztearen parekoa-edo dela. Alegia, esate baterako / esaterako, biak direla zuzenak, baina ez esate bere hutsean. Horixe bera gertatzen da kasu-rekin, baldinbaitere:
Goazen testuinguruan jartzera:
- Edozelan be, merkataritzako sektorean etorkizun handia eukiko dau. Gurean, Eroskik, kasu baterako, etiketa elektronikoen sistema barri bat ezarri dau Usurbilen, eta horri esker ziurtatzen dau erosleei kutxatik pasaukeran kobretan jaken prezioa bat datorrela apaletan ikusi daben prezioagaz (https://www.ikasbil.eus/eu/dokutekako-fitxa?articleId=16408564).
- Udaberrian gara, edo. Egia esan, ez dakit zer berri ekarriko zuen udaberriak mundu zaharrean, apostolu txaplata hark egunak joan eta egunak etorri idazten zizkien gutunak sekula erantzun ez zituzten korintiarren munduan kasu baterako (https://www.naiz.eus/fr/hemeroteca/gara/editions/2016-04-10/hemeroteca_articles/amp/alegiazko-errealitatea).
- Uzta txarrak be izaten dira, aurtengoa kasurako (https://www.arratia.net/es-ES/berbategia/hiztegia/K/Paginas/kasu-3.aspx).
- Errituak garrantzitsuak dira, baina bada bestelakorik ere: hurbiltasuna, kasurako” (https://www.berria.eus/albisteak/75107/errituak-garrantzitsuak-dira-baina-bada-bestelakorik-ere-hurbiltasuna-kasurako.htm)
Orotarikoan ez kasurako-k ez kasu baterako-k dute sarrerarik (edo ez dut nik topatzen jakin; zuzendu bekit inork hala ez bada). Kasu sarreraren barruan ere, aztarrenik ez. Berri samarrak ote? Guri bost, zeren eta, kasuak hala eman digunez, jakin beharreko bakarra da kasurako zein kasu baterako, bi horiek direla zuzenak, eta ez kasu*.
Ibilitako bideak (miatutako iturriak):
- Euskaltzaindiaren Hiztegia / kasurako sarrera
- Euskaltzaindiaren Hiztegia / kasu baterako sarrera