Hizkuntz kontuak

Fantasia handirik gabe

Fantasia handirik gabe

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 0

Orotarikoan begiratzea asko da jabetzeko “fantasia” sarrerak euskaraz irudimen hutsetik dezente harantzagoko adierak edo azpisarrerak dituela.

Gaurkoan, bat aukeratze alde, “fantasia handirik gabe” lokuzioari emango diogu jorra, Egañak galanki ekarri baitu gaur eguneroko zutabera:

  • Sasoi hartan ezagutu genituen estufa ibiltariak. Piztu pizten ziren, baina fantasia handirik gabe, tentuz, gehiegi ez gastatze aldera. (Egaña, Berria)

Argi dago esamolde horrek, halakoetan, “neurritasun” adiera duela. Neurritasunaren edo neurritsu jokatzearen erakusgarri da, luzimenduari, gehiegiari edo oparotasunari bizkar emanda. https://eibar.org aldizkarian ere adiera horretan ageri zaigu, Ia dena da teatroa zutabean:

  • Azken partean, 27ko belaunaldikoen ondoren, azken berrogeita hamar urteetako poetak iritsi ziren: ez hain akademikoak eta ezagunak batetik, neurriz libreak izaki ez hain errezitatzekoak bestetik, eta horrenbestez originalagoa izan zen amaiera. Bestalde, kastizismo kastillanoaren salbuespen gisa, Bukowski sartu zuten, eta Gabriel Arestiren poema bat euskaraz ("Egia bat esateagatik").

Emaitza txukuna izan zen, fantasia handirik gabe hala ere.

Bukatzeko: errutinazko edo ohiko molde (fórmula rutinaria) ere izan daiteke esamoldea, agurretan edo gisako testuinguru konbentzionaletan baliatuz gero. Nolabait antzean-edo gaudela adierazteko balio lezake:

  • Zer martxa darabile(n)(k)? – Tira, tamainan, fantasia handirik gabe nabile(n)(k).

Informazio osagarrian esteka edo lotura gehiago dituzue, lokuzioa zein testuingurutan erabili den ikustekotan.



Informazio osagarria: