Helburuzko perpausen zedarritzea
Argigarria iruditu zait Euskararen Gramatika-n helburuzko perpausen izaeraz ematen zaigun azalpena. Helburuzko perpaus peto-petoak eta haien oso gertukoak deskribatzen zaizkigu, nolabait ere aditzera emanez gramatika batzuek lehenak soilik jotzen dituztela helburuzko, eta beste batzuek, kontrara, bildu egiten dituztela multzora bigarrenak ere.
Euskararen Gramatika-n, helburuzko peto horiek bakarrik jo dituzte begiz erabide edo formen sailkapena egiteko, baina argi utzita motiboa, zertarakoa, kausa, ondorioa edo antzeko adierak ere alde-aldean dabiltzala eta ez dela bereizketa beti hain aise egiten.
Hona, hitzez hitz, zeintzuk hartzen dituen Euskararen Gramatika-k helburuzko petotzat: “Perpaus nagusian aipatzen den gertakariaren xedea adierazten dutenak, edo, zehatzago esanda, gertakari horren egilearen xedea adierazten dutenak; horrelako gehienak -tzeko formarekin edo subjuntiboarekin eratzen dira:
- Lagunak autoa saldu du etxebizitza erosteko
- Mailegua eman diote lagunari etxebizitza eros dezan
- Etxebizitza erostea da, lehen adibidean, autoa saltzean lagunak izan duen helburua, eta hori bera, bigarrenean, mailegua eman diotenen xedea.
Jarraian, ordea, zerau aipatzen digu gramatikak, hau ere hitzez hitz: “Badira, ordea, forma horiek berak erabili arren borondatezko xedeaz bestelako zertarakoak adierazten dituzten perpausak, hau da, asmorik eta berariazko egilerik gabeko erlazioak aditzera ematen dituztenak, hala nola, esate baterako, baliagarritasuna (egokia da likido hau autoa garbitzeko; sasoi egokia da uda atseden har dezagun), gaitasuna (gai da azterketa guztiak gainditzeko), prestasuna (prest nago lanean hasteko), aukera (hizkuntzak ikasteko aukera ematen die ikasleei Erasmus programak) eta horrelakoak”.
Bistan da, xehetasunik (nahi dituenak jo beza 1656. orrialdeko 37.1b puntura) gehiago eman gaberik ere, bien arteko aldea. Ez da, ordea, hor amaitzen kontua, bai baitira hirugarren perpaus-mota batzuek, petoetatik landakoak hauek ere, mugimenduzko predikatuen jomuga adierazten dutenak; hots, jomugako gertakariak seinalatzen dituztenak. Azken horiek –tzera formarekin eratzen dira, eta zertara-osagarriak gisan izendatzen. Behean, bi adibide:
- Erosketak egitera joan da azokara
- Garbitzera eraman du autoa.
Zertara-osagarriak bizkaieraz eta ebaluazioa
Bizkaierak, -tzera forma horren ordainetan, - tzen forma baliatzen du “zertara-osagarri” erako perpaus horiek osatzeko, diosku Euskararen Gramatika-k, nahiz eta adibiderik eman ez. Bizkaieran ohikoak bezain zuzenak dira euskara batuan -tzen formadun perpaus osagarri horiek, eta, beraz, komeni zaigu denoi ere (baina batik bat bizkaieraren esparrukoak ez garenoi), ebaluatzeko garaian, ohar horri kasu ematea. Hona bizpahiru adibide, sarean arrantzatuak:
- Ez noa esaten zer ekarten deustan gogora berba horrek (Labayru Hiztegia)
- Dirudienez, Iribar ez duk hona afaltzen etorri
- Ez noa egiten filosofia gehiago