-Tu eta gero, erabilera zuzena eta aldaerak
Postposizio honen gainean nabarmendu beharrekoa, lehenik eta behin, zera da: partizipiorik gabeko “izena + eta gero” egiturako esaldiak, azkenaldian hainbeste zabaldu direnak, ez direla zuzenak:
- *Hogei urte eta gero
- *Partida eta gero
Partizipioa da, ezinbestean, eta gero postposizioak gobernatzen duena:
- Hogei urte igaro eta gero…
- Partida bukatu eta gero…
Aldaerei dagokienez, ezohiko samarra den -tu eta geroago daukagu, alde batetik:
“Zahartu eta geroago bertsotan hasi / laster eroango naute hemendik ihesi” (Euskal Jokoak II)
Beste honetan, berriz, zenbatzaile eta guzti ageri zaigu:
“Aitagandik jakin eta urte batzuk geroago, {…} irakurri nuen honen antz handia zeukan elezahar bat” (Bitaño)
Eta hirugarrena eta azkena baino + zenbatzailea egiturakoa da:
“Ebanjelioa balitz bezala hartzen dugu lehen edizioa {…}, idatzi baino 80 urtez geroago agertua” (Mitxelena)
Ebaluazioari dagozkionak
Gogoan izan dezagun, beraz, egun hainbestetan entzuten den izena + eta gero forma okerra dela. Perretxikoak bezala zabaldu da forma oker hori, hala irrati-telebistetan, nola prentsa idatzian. Uste baino erneago ibili behar beraz ebaluatzean, hitzetik hortzera dabiltzan egiturak ez baitira beti-beti zuzenak izaten.