Curriculum-foroa

Kausa, bitartekaritza eta tartekotasuna

Kausa, bitartekaritza eta tartekotasuna

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 0

“Kausa” eta “medio”, “tarteko” tartean dela  (Hizkuntz gaitasuna, B2)

Egun oso nahasian erabiltzen dira “kausa” eta ”medio”, baina ez luke hala behar. Lehena soilik da kausazkoa; bigarrenak bitartekaritza adierazten du.

Ikus ditzagun KAUSAZKO adibide batzuk:

    • Hori dela kausa dago kartzelan (Aiherra, NB)
    • Dolore handiak direla kausa, beti daude arneguz (Axular, Gero)
    • Haren kariaz, guztiok gaude preso (Axular, Gero)
    • Kontrabanda zela karia atxeman zuten (Landibarre, NB)
    • Pekatu arengatik iltzen gera danok (Azpeitia, Gipuzkoa)

Hona BITARTEKOTZAKOAK :

    • Pedro dela medio ein da bidea (Azpeitia, Gipuzkoa)
    • Pedroren bitartez (bidez) ein da bidea (Azpeitia, Gipuzkoa)
    • Alkatea dala bide, telefonoa ipini digute (Idiazabal, Gipuzkoa)

“Dela-eta” aurreko bi horietatik aparte agertzen digu Gotzon Garatek. Badirudi batzuetan gehiago hurbiltzen dela kausazkoetara (minbizia zela-eta, hil egin zen) eta beste batzuetan, aldiz, bitartekaritzakoetara (morroia zela-eta, erregerekin adiskidetu zen).

Argi dagoena da “mediok” ez duela balio kausa adierazteko, eta, hortaz, hain zabalduak dauden “arazo teknikoak direla medio, ezin da telebista ikusi” gisakoak ez direla zuzenak. Ezta “Istripu bat medio, bizitza galdu zuen” edo “orbela zela medio, erretenak zikinduta zeuden” gisakoak ere. Zalantza-kasuetan, ez da estrategia txarra zabalagoa eta orokorragoa den “dela-eta” esamoldea erabiltzea.

Tarteko: “Tarteko”-ren adiera okerrik ere zabaldu da, aspaldian. Ez da, ez bitartekaritzakoa, ez kausazkoa ere, tartekotasuna baizik. Bitartekaritzakoetan, subjektu bakarra aipatzen da, baina tartekotasunekoek aipatutako subjektua tartean dela besterik ez dute adierazten: “Alkatearen bitartez (bidez) lortu genuen hura” eta “Jai ederrak antolatu zituzten, alkatea tarteko (tartean zela)” ez dira, nire ustez, gauza bera. Umeek akzio txarren bat egin dutela jakitean, gure seme edo alabari esaten diogu: “Hi ere tartean / tarteko izango hintzen/an!”. Tarteko hori bat gehiago da, ez bakarra.

Bertsotan-eta, errimatu beharraren beharraz, gaizki erabiltzen da maiz “tarteko” (“medio”-rekin beste hainbeste gertatzen da) hori. “Arazoak tarteko banatu ziren” bezalakoak txartzat jo behar genituzke; bai behintzat “arazo” gisako hitz generiko bat kausaren parte bat baino ez dela aditzera ematen badugu. Horrek ez du zentzurik. “Arazoak zituztela-eta, irristadaren bat ere bai tarteko, banatu ziren” besterik da.     

“Tarteko”-ren kausazko erabilera aizuna zalantzagabea da, baina, Orotariko Euskal Hiztegira jota, ikusiko duzue “bitarteko”-ren sinonimotzat jotzen dela adibide gutzi batzuetan. Hona bat:

“Aingerukiak tarteko ditugu, gizonen eskariak jainkoei ematen baitizkie, edota, gizonei jainkoen gogoak ekarri” (Zaitegi / Platon).

Aingerukiek, esaldi horretan, bitartekari-lana egiten dute, ezbairik gabe. Herri-hizkeran, ordea, “tartean/tarteko” hori oso testuinguru jakinetan erabiltzen da, eta nik aurrez egin dudan bereizketaren bidetik, nire uste apalean: “A ze jendetza estropada-egunean! Frantsesak ere bai tartean!” edota “Aizkolariak urte osoan aritzen dira txapelketetan eta erakustaldietan, nahiz eta apusturen bat tarteko jende asko erakarri”. Alegia, “tarteko” hori zerbaiten tartean dagoela beti, hitzak berak adierazten duen moduan; dela ekintza ezberdinen, dela pertsona ezberdinen, dela gertakari ezberdinen tartean.


 


Baliaturiko bibliografia: