Diskurtso-gaitasuna (C2)
Saiakera egileen artean, batik bat, badira esparru horretako diskurtsoan berriz ere indartzen ari diren bi hizkuntz adierazpide, oraindik ere usuegi irakurtzen ez diren, baina, tradizionalki, dezente baliatu izan direnak: “baitan” partikula eta “-enean” deklinabide-atzizkia, hain justu. Garai batean itzulpenetan ageri bide ziren gehiago, baina, egun, euskaraz idatzitako saiakera-liburuetan ere tokia hartzen ari dira.
Gaur nabarmendu nahi dudan bi partikula horien adiera erabat lotuta dago diskurtso jasoari, literarioari esango genuke, eguneroko diskurtso arruntetan ez bezala erabiltzen baititugu halakoetan. “Baitan”-ek adiera ezberdin asko duen arren, iparraldean erabili izan da gehienbat (Gipuzkoako Goierrin tokiko adiera du); “-enean” deklinabide-atzizkia, berriz, bizitokiari edo jabetzaren bati lotzen zaio (Haienean afaldu genuen, joango al gara Polipasonera?).
Diskurtso jasoan, ordea, egilea bera ez, baizik eta haren pentsamendua edo obra aditzera eman nahi direnean erabiltzen dira, biak ere. Testuinguruaren baitakoa da, erabat, bi adierazpide horiei ematen zaien erabilera, horregatik iruditu zait egokia azpimarratzea.
Gaztelaniak ez, baina frantsesak (chez Marx) edo alemanak (bei Marx) euskararekin partekatzen duten diskurtso-baliabidea da.
Hona testu errealetan atzemandako adibide batzuk:
- “Proletalgoa da, Marxen baitan, iraultzaren subjektua” (Hunik arrats artean, Anjel Lertxundi).
- “Zerbait modu kontingentean gertatzen da, eta behin gertatu delarik, beharrezko bihurtzen da. Oso dialektika fina dago Hegelen baitan“.( Lapiko kritikoa, Slavoj Zizek-i elkarrizketa).
- “Baina Platonenean egia (ideien elkarrekikotasun ulergarria) eternitateari (ongiari) lotzen zitzaion bitartean Kantenean denborari zaio lotuko“. (Kristaua eta paganoa, Eibar.org).
- „Egia da gurea «badoan herri bat» delako horrek XIX. mendean duela iturburua —horixe zen Élisée Réclus geografoaren ustea mendearen hondarrean, 1801ean bertan Wilhelm Humboldt-ek eman iritziari jarraiki—, baina nahiz eta sekularismo baten arrastoak ageri diren Mitxelenarenean, 1936ko gerrak markatu zuen gogorkien bere lana“. (XX. mendeko poesia kaierak, Koldo Izagirre).