Ikasbilek urte mordoxka darama ikasle eta irakasleei zerbitzu didaktikoak ematen. Atariaren kudeatzaileak beti saiatu izan dira hartzaileen iritziak eta usteak jasotzen eta, horien arabera, ematen duen zerbitzua hobetzen.
Oraingoan, ordea, iritzi-bilketa hori modu sistematikoan antolatzea erabaki zuten, eta, horretarako, 2013ko azaro-abenduan inkesta bat zabaldu zuten erabiltzaileen artean. Bestalde, atariaren zerbitzarian edo Interneteko trafikoa gainbegiratzen duten zerbitzuetan gordetzen diren datuak ere informazio ugari ematen dute atariaren erabileraz, eta ondo islatzen da atariak denboran zehar izan duen bilakaera. Beraz, hainbat iturritako informazioa oinarri —erabiltzaileen iritzi, zerbitzariko datu objektibo eta editoreen esperientzia, hain zuzen—, Ikasbilen argazki ahalik eta zehatzena egiten saiatu dira, honako alderdi hauek jorratuz: atariaren egoera, erabilera eta bilakaera. Artikulu honetan, editoreen irakurketa azalduko den arren, datuak eta interpretazioak bereizi agertuko dira, irakurleak nork bere ondorioak atera ditzan.
EIBZ (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa) duela 12 urte sortu zuen Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, eta, bertan, gure zereginetako bat da Nafarroan lanean ari diren irakasle ez unibertsitarioei ikastaroak ematea. Eskaintzen ditugun formazio-ikastaroetan parte hartzeko, irakasleek Nafarroako ikastetxeren batean egin behar dute lan hezkuntza arautuan, eta EGA agiria izan behar dute.
Irakasleek ikasturtero justifikatu behar dute 35 formazio-ordu (gutxienez) bete dutela, ikastaroa edozein dela ere, eta ikastaro horiekin irakasleek, beren burua janzteaz gain, puntuak lortzen dituzte lehiaketetan parte hartzeko (leku-aldatzeak, karguak...). Hezkuntza Departamentuak eskaintzen dituen ikastaroak dohainik izaten dira, eta, normalean, ikastaroa hasi gabe edo bukatu gabe utziz gero, ez da zigorrik izaten, berriz ikastaro bera egiteko lehentasuna galtzea-edo ez bada.