Prestakuntza-jarduerak

"Adimen artifiziala euskararen irakaskuntza inklusiboan" web-mintegia

Published: Monday, 9 March 2026, 8:28 AM
Aitzol Astigarraga

Aitzol Astigarraga adituak "Adimen artifiziala euskararen irakaskuntza inklusiboan" web-mintegia eskainiko du, HABEk antolatuta.

Eguna: martxoaren 18a (asteazkena)
Ordua: 13:00-14:30
Online: Teams 

 

Parte hartu nahi izanez gero, bete ezazu formularioa, martxoaren 15a baino lehen. 

Oharrak: 

- Jarduera doakoa da eta ez da ziurtagiririk emango.
- Web-mintegira konektatzeko lotura eta jarraibideak aldez aurretik jasoko dituzu.


Web-mintegiaren nondik norakoak

Digitalizazioa eta adimen artifiziala nonahi aurki daitezke gure gizartean gaur egun, eta paradigma-aldaketa betean gaude. Zer eta nola ari da aldatzen? Zer aukera eta zer arazo sortzen dizkigu horrek guztiak, euskal komunitatean eta euskararen irakaskuntzan? 
Gaur egungo hizkuntzen irakaskuntzan, adimen artifiziala (AA) eta hizkuntza-teknologiak (NLP) ezinbesteko bidelagun bihurtu dira. Saio honetan, adimen artifiziala (AA) eta hizkuntza-teknologiak izango ditugu aztergai. Teknologia horiek euskaltegiko gelan duten potentziala aztertuko dugu, arreta berezia jarriz inklusioan eta irisgarritasunean. 

Edukiak: 

  • Euskara digitalitatearen aurrean 
  • Adimen artifizialaren historia laburra
  • Hizkuntza teknologiak
  • Hizkuntzen irakaskuntza eta inklusiorako aukerak

 
Saioaren helburu nagusia: 

Irakasleei adimen artifizialaren (AA) eta hizkuntza-teknologien (NLP) inguruko ikuspegi orokor eta praktikoa eskaintzea, tresna hauek euskararen irakaskuntzan eta ikasleen inklusioa bermatzeko duten potentzialean arreta jarriz. 

Aitzol Astigarraga

Ikasketaz Ingeniaria Informatikan eta doktorea Robotika eta Adimen  Artifizialean (EHU). Egun Orai NLP zentroko koordinatzailea da —hizkuntzaren prozesamendu automatikoan (NLP) espezializatutako Elhuyarren ikerketa-zentroa—. Hizkuntzan oinarritutako adimen artifiziala ikertzen du Oraik eta ondoko plataformen oinarri  teknologikoak garatu ditu: Elia itzultzaile automatikoa (elia.eus),  Aditu azpititulazio eta transkripzio sistema (aditu.eus) eta  TTSneuronala hizketa-sintesiko sistema (ttsneuronala.elhuyar.eus).  UEUko eta Euskal Wikilarien kide ere bada. 

Other interesting content

Aitzol Astigarraga

1210 - Portfolio digitala, ikasketa autonomorako tresna

"Portfolio digitala" ikastaroak ikas-irakaskuntzako gaitasun digitala garatzen eta hobetzen lagunduko du. Ikastaroak, batez ere, gaitasun digitalari dagozkion ondorengo alorrak landuko ditu: Informazioa, informazio alfabetatzea eta datuen tratamendua, Komunikazioa eta lankidetza, Eduki digitalaren sorkuntza eta Arazoen ebazpena. Frantsesezko portefeuille hitzetik eratorria, portfolioa eskuzorro moduko bat da, paperak, dokumentuak, liburuak eta antzeko gauzak eramateko erabiltzen dena. Azken batean, pertsona baten ibilbidea edo jarduna erakusten duten lanen bilduma bat. Hezkuntza-testuinguruetan, portfolioa ikasleari irakaskuntzan egiten dituen ahaleginak eta emaitzak modu objektiboan dokumentatzeko eta erakusteko aukera ematen dion tresna da. Bertan, ikasleak, hausnarketa-prozesu baten bidez, jardueren kantitatea eta kalitatea deskribatzeko eta aztertzeko modua dauka, eta bere ondorioak babesten ditu dokumentu eta materialekin. Azken urteotan, portfolio digitalak interes handia piztu du hezkuntza-teknologiaren arloan. Portfolio digital edo ePortfolio gisa izendatu ohi dira literaturan. Ikastaro honetan, portfolioa irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako metodologia gisa aztertuko dugu, ikasleak portfolio digitalak gara ditzan tresna irekiak ezagutuko ditugu eta Moodle plataforman oinarritutako irakaskuntzarako portfolio digitala osatuko dugu; betiere, ikaslea bere ikaskuntza-ibilbidearen jabe bihurtzeko ahaleginean emaitza didaktiko hobeak lortzeko.